AKTUALITATEA


| 2026-03-11 10:19:00

'Moyua Plazaren' ordez, 'Plaza Eliptikoa' izena berreskuratzeko eskatu dio EH Bilduk Bilboko Udalari mozio baten bidez; udal talde politiko ezberdinek martxoko Udal Osoko Bilkuran beren iritzia eman eta elkarte eta eragile memorialisten lana aitortzeko asmoz.

Maria del Riok, EH Bildu udal taldeko bozeramaileak, gogorarazi duenez, hamaika dira azken hamarkadetan “Plaza Eliptikoa” izena berreskuratzeko esparru desberdinetan lan egin duten gizabanako, memoria talde, auzo elkarte, zein bestelako eragileak. “Ez da burutazio indibidual bat, aitortu beharreko hamarkadetako lanaren emaitza baizik”, gaineratu du.

Del Riok gogora ekarri duenez, Federico Moyua "Bilboko alkate izan zen Primero de Riveraren diktaduran, eta 1937an, Tropa Frankistak Bilbon sartu eta gutxira, Plaza Moyua izena jarri zioten".

"Denbora larregi pasa da, plaza honen izena aldatzeko garaia da, EH Bilduk urteak daramatza horretan lan egiten", azpimarratu du. "Gehiegi atzeratu bada ere, badirudi Udalak behingoz, erabaki hau hartuko duela eta horrek pozten gaitu", gaineratu du.

Bere esanetan, proposizio horrekin, EH Bilduk aipatutako eragileei aitortza publikoa egiteaz gain, Udalbatzarraren posizionamenduaren bitartez, uriko erdiguneak bere jatorrizko izen herrikoia berreskuratzeari garrantzia eman nahi dio. "Finean, memoria ariketa kolektiboa egitea, gobernantza kooperatiboa oinarri hartuta", nabarmendu du.