EH Bildu Bilbo udal taldearen bozeramaileak, Maria del Riok, azaldu duenez, egun, gure hirian 90.000 baino gehiago dira 65 urtetik gorako bilbotarrak, biztanleriaren %25a. Horietatik, %5a inguru 85 urtetik gorakoak dira. Eurekin batzartu eta euren beharrak ezagutu ondoren sektore horri zuzendutako proposamena aurkeztu du EH Bilduk, adinekoentzako etxebizitza komunitarioen udal-sare publikoa sortzea, hain zuzen ere. Mozio hau martxoko Udalbatzan eztabaidatuko da.
Del Ríok azaldu duenez, etxebizitza komunitarioak adinekoentzako etxebizitzak dira eta espazio komunak eta zerbitzu partekatuak dituzte. Adinekoei independentzia mantentzeko aukera ematen diete, baina, beharrezkoa denean, era ezberdinetako laguntza ematen zaie.
EH Bilduren bozeramailearen esanetan, udalaren eskumenekoa izan arren, Bilboko Udalak "zerbitzu hau garatu beharrean, laguntza ekonomikoak eskaintzen ditu, pertsona horiek zerbitzu pribatuetara bideratuz".
Ildo horretan, ohartarazi duenez, berriki ezagutu dute zerbitzu horietako langile batzuen egoera, "lan karga jasanezinarekin eta legez kanpoko jardunaldiekin". "Horrek eragin negatiboa dauka langileengan, euren lan eskubideetan noski, eta baita erabiltzaileen zaintzan". "Horregatik, Bilboko Udalak zerbitzua bere gain hartu dezala eskatzen dugu", nabarmendu du.
Bestetik, zerbitzuaren kalitatea hobetze aldera, "araudia garatzeko eta eguneratzeko beharra" dagoela azpimarratu du Del Riok. Azaldu duenez, egun indarrean dagoena 1998koa da, Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 legea onartu aurrekoa. "Zerbitzua udal eskumenekoa bada ere, Eusko Jaurlaritzari dagokio arautzea, eta egungo atzerapena onartezina da", adierazi du.
"Ordezko ostatuan plaza ordaintzeko laguntza ekonomikoak egun duen garrantzia ikusita, horren araudiaren gainean hausnarketa partekatua egiteko eta gardentasunean sakontzeko ordenantza lantzea" proposatzen du EH Bilduk.
Bilbon, 2026ko martxoaren 16an.