AKTUALITATEA


| 2020-03-26 10:48:00

Etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen egoerarekin kezkatuta dagoela adierazi du EH Bildu Bilbo udal taldeak eta beharrezkoak diren premiazko segurtasun neurriak jartzeko eskatu du, langileen zein erabiltzaileen osasuna bermatze aldera. Izan ere, egunero koronabirusarekin kutsatzen diren langileak gero eta gehiago dira.  Aipatu gaia Bilboko Udalaren Bozeramaileen batzordean behin da berriz mahaigaineratu ondoren, EH Bildu Bilbok gutunak bidali dizkie Juan Ibarretxeri, Gizarte Ekintza arloko zinegotzi arduradunari, eta Aztertzen enpresari, zerbitzu hori eskaintzen baitu Udalak eskainitako lau sailetako bitan.

Gutunean, EH Bildu Udal taldeak Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzako arloari, zerbitzu publiko honen erantzule nagusia den heinean, “premiazko neurriak har ditzala eskatzen dio eta horiek martxan jarri ahal izateko beharrezkoak diren baliabide guztiak enpresaren esku jar ditzala”. Era berean, enpresari eskatzen dio “prebentzio-neurri handiagoak ezar ditzala, langileei eskatzen ari diren baliabide guztiak emanez, hala nola maskarak, mantalak edo osasun- eta prebentzio-zerbitzuek gomendatutako beste edozein elementu, beren lana modu egokian egin ahal izateko, haien eta erabiltzaileen osasuna bermatuz".

EH Bildu Bilbok gutunean gogoratzen duenez, osasun larrialdi egoerari aurre egiteko elkarrekin lan egiteko borondatea agertu du, eta, krisi honen hasieratik, bozeramaileen batzarraren bidez, “une honetan pertsonen zaintzara zuzendutako zerbitzuen esparruak lehentasuna" izan behar duela nabarmendu du.

"Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuak ezinbesteko zeregina duela ulertuta, arreta ematen jarraituko dela bermatzeko eta zerbitzua indartzeko premiazko neurriak hartu behar direla azpimarratzen ari gara, erabiltzaileen eta langileen osasuna uneoro bermatuz”, adierazi du EH Bildu Bilbok.

Aldiz, ohartarazi duenez, "gero eta erabiltzaile gehiago ari dira euren zerbitzuak bertan behera uzten, kutsatuak izateko beldurragatik, segurtasun bermerik ez dagoelako". Ildo horretan, udal taldeak azaltzen duenez, EH Bilduk "askotan helarazi du, emaitzarik gabe", etxez etxeko laguntza-zerbitzuko langileek emandako informazioa, izan ere, “langileek ohartarazi dute aplikatzen ari diren protokoloak ez direla nahikoak; segurtasun-neurri eraginkorrenak erabiltzaileek birusaren sintomak agertzen dituztenean soilik ezartzen baitira".

Ondorioz, Ibarretxe zinegotziari eta Aztertzen enpresari bidalitako gutunean azaltzen denez,  “koronabirusak kutsatutako langileen kopuruak gora egiten du egunetik egunera", eta hori gertakari “larria" da, "ez bakarrik euren eta inguruko pertsonen osasunagatik, baita haiekin harremanetan egon diren erabiltzaileen segurtasunagatik ere, gehienak arrisku-taldeetako adinekoak, bereziki kalteberak COVID-19ren aurrean". "Egoera hori zuzentzen ez bada, katean kutsatze gehiago eragingo du, horrek dakarren arriskuarekin", azpimarratu du.

Langileak entzun

Horregatik guztiagatik, EH Bildu Bilbo Udal taldeak bere kezka agertzen du, premiazko neurriak eskatzen ditu, eta bai Gizarte Ekintzako zinegotziari bai enpresari dei egiten die Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak, gehienak emakumeak, aurrez aurre entzutera, haiek baitira "zerbitzua ahalik eta modurik onenean ematen jarraitzen dutenak, nahiz eta baldintza kaskar horietan lan egiteak arrisku handia izan haien eta haien senideen osasunean”. "Orain inoiz baino beharrezkoagoa da behar duten arreta eta babesa ematea", nabarmendu du EH Bildu Bilbok.