AKTUALITATEA


| 2024-09-20 10:04:00

Bilbon dagoen etxebizitza-arazo larriari aurre egiteko asmoz, EH Bilduko udal taldeak iraileko osoko bilkuran eztabaidatuko den proposamen bat aurkeztu du. Helburua hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea izango da honako hauek lehenetsiz: 10 urte baino gehiago jenderik gabe daramatzatenak, abandonu egoeran uzteko arriskuan daudenak edo edukitzaile handien jabetzak direnak. EH Bilduko bozeramaileak eta zinegotziak, Maria del Riok eta Karlos Renedok, hurrenez hurren, gogorarazi dute Bilbok 9.231 etxebizitza huts dituela gaur egun, alokairuko etxebizitza publikoak baino gehiago, hain zuzen ere.

"2024ko apirilean, 21.206 pertsona zeuden izena emanda Etxebiden alokairuko etxebizitzen eskatzaile gisa, eta horietatik 16.061 bilbotarrak ziren. Egoera horri erantzuna ematea Udal Gobernuaren lehentasuna izan behar da", nabarmendu dute gaur Bilbon eskainitako prentsaurrekoan.

Ildo horretan, Maria del Riok gogorarazi du, bi etxebizitza webgune ezagunen iraileko datuen arabera, pisuen alokairuaren prezioa % 5,9 igo dela azken urtean, eta Bilboko logela baten batez besteko alokairua 621 eurokoa dela, azken urtean % 15,9 igo baita.

Datu horiek, bere esanetan, "neurriak hartzera behartzen gaituzte, egoera horren ondorioz, gazte askok hiritik alde egin behar dutelako, edo ezin direlako emantzipatu, eta, gainera, oztopo bat delako Bilbo lan egiteko edo ikasteko leku gisa aukeratzen duten pertsonentzat". "Nekez bihur dezakegu Bilbo benetako unibertsitate eta ezagutza hiri, ikasleek ezin badute hirian bizi", adierazi du.

Ildo horretan, gogorarazi du Marta Ajuria Ogasun zinegotziak ekaineko osoko bilkuran hirian 9.231 etxebizitza huts daudela jakinarazi zuela, eta horien kopurua handitu egin dela 2023tik. “Datuak kezkagarriak dira, izan ere, Mario Yoldi Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza zuzendariak berak, ‘espekulazio prozesu’ baten ondorioa dela esan du”, gaineratu du Del Riok.

 

Horrenbestez, Del Riok eta Renedok nabarmendu dute “premiazko” neurriak hartu behar direla jenderik gabeko etxebizitzari dagokionez. Renedok etxebizitza hutsa zer den argitu du: “bi urte baino gehiago inor erroldatu gabe eta, gainera, ura, argia eta energia kontsumitu gabe dagoena". "Beraz, ez gara ari ez bigarren egoitzei buruz, ez bulegoak diren pisuei buruz, ez sasoiko etxebizitzei buruz hitz egiten", azpimarratu du.

Bilbon hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko EH Bilduren ekimenak asko izan direla aipatu du Renedok: 2021ean, Udalbatzak mozio bat onartu zuen jabeei, etxebizitza hutsak deklaratzeko eta kanona aplikatzeko espedientea hasi aurretik, dauden alternatiben berri emateko; 2022an, Osoko Bilkurak konpromisoa hartu zuen kanona aplikatzea ahalbidetzen duten espedienteekin hasteko. 2023an, EH Bilduk berriro galdetu zuen Osoko Bilkuran horien betetze mailari buruz, eta Bilboko egungo 2024-2027 Etxebizitza Plan Estrategikoan ere jasota dago.

Borondate eta jarrera adosturik gabe

Hala ere, esan duenez, "argi dago orain arte akordio horiek guztiek ezer gutxirako edo ezertarako balio izan dutela, eta egungo udal gobernuan ez dagoela borondaterik ez adostasunik etxebizitzaren arazoari aurre egiteko". "Izan ere, EAJk 2015ean Etxebizitzaren Euskal Legearen eta duela gutxi Estatukoaren aurka bozkatu zuen", gaineratu du.

Hala ere, bere esanetan, EH Bildun “lanean jarraitzen dugu pertsona guztiek etxebizitza eskuratzeko aukera izan dezaten” eta “gure hirian kanona modu adostuan aplikatzen hasteko proposamena aurkeztu dugu”.

Hala, EH Bilduk bere mozioan planteatzen du, 3 hilabeteko epean, hutsik dauden etxebizitzen espedienteak abiaraztea edukitzaile handien etxebizitzetatik hasita, hau da, 5 etxebizitza baino gehiago jabetzan dituzten pertsona fisiko edo juridikoetatik, bai eta 10 urte baino gehiago hutsik daramatzaten etxebizitzetatik.

Proposamen honek hiru alde positibo dituela adierazi du Renedok. Alde batetik, esan duenez, "izapidetu beharreko espedienteen kopurua mugatzeko aukera ematen du, eta lehentasuna ematen die beren funtzio soziala berriro betetzeko aukera handiena izan dezaketen etxebizitzei, inbertsio espekulatibo baten ondorioz hutsik jarraitzen dutenei eta hamarkada baten ondoren erabili ez direnei".

Bestalde, nabarmendu duenez, "eraikina segurtasun- eta osasun-baldintza egokietan mantentzeko betebeharra urratzen ari diren etxebizitza asko identifikatzeko aukera emango du, haien jabeen erkidegoari arazoak sor diezazkioketenak”.

Baina horretaz gain, esan duenez, "udal gisa, gure hirian hutsik dauden etxeen edukitzaile handien errealitatea ezagutzeko aukera emango digu, udal politikak doitu ahal izateko". “Espero dugu akordio batera iristea, guztion artean pausoak emateko Bilbon dugun etxebizitza-arazo larriari aurre egiteko ", esan dute EH Bilduko zinegotziek.