AKTUALITATEA


| 2021-11-18 11:17:00

EH Bildu Bilboko udal taldeak lau mozio aurkeztu ditu datorren ostegunean, azaroaren 25ean, osoko bilkuran eztabaidatzeko, eta honako gai hauek jorratzen dituzte: gizarte-bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzat etxebizitza bitartekaritza-zerbitzu bat abian jartzea, Bilbobizi eta Bilbobusen arteko intermodalitatea, Guggenheim Museoaren garbiketako emakumeen greba eta aisialdiko eta denbora libreko mahai bat sortzea.

Alba Fatuartek eta Bruno Zubizarretak, EH Bilduko zinegotziek adierazi dutenez, mozio hauekin helburu ezberdinak lortu nahi dituzte, hiriko etxebizitza-premia handiei erantzutea, mugikortasun jasangarria bermatzea, emakumeen lan-eskubideak defendatzea eta aisialdirako eta denbora librerako alternatibak eskaintzea.

Etxebizitza bitartekaritza  

Fatuarte kezkatuta agertu da Bilbon gero eta pertsona eta familia gehiagok salatzen dutelako arraza edota gizarte-profilagatik diskriminatuak izatea, etxe-agentzia baten bidez etxebizitza-alokairu kontratu bat sinatzen saiatzerakoan, horretarako diru-sarrera nahikoak izan arren.

Horregatik, EH Bilduk eskatu du Bilboko Etxebizitzaren Behatokiaren bidez azterlan bat egitea, Bilbon etxe-agentziek diskriminazio egoerarik eragiten duten aztertzeko, baita zer motakoak diren, nori eta nola eragiten dieten ere.

Era berean, mozioaren bidez eskatu du etorkizunean zabalduko den herritarrei etxebizitzaren arloko aholkularitza eskaintzeko bulegoaren bidez, gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden pertsonentzako etxe-agentzien bitartekotza-zerbitzua abian jartzea, Udalak herritarren eta etxe-agentzien arteko bitartekari-lana egin dezan, eta, behar izanez gero, zerbitzu horren bidez sinatzen diren kontratuen bermeak estaltzeko.

Guggenheim Museoko emakumeen greba

Bestalde, EH Bilduko zinegotziak gogoratu duenez, Bilboko Guggenheim Museoan Ferrovial Servicios enpresaren bidez garbiketa-zerbitzua ematen duten langileek greba hasi zuten ekainaren 11n, “haien lan-baldintza tamalgarriak duintzeko eta dagoen soldata-arrakala ezabatzeko asmoz”.

Langile gehienak duela 20 urtetik Museoari zerbitzu hori ematen dioten emakumeak dira, eta batez besteko soldata hileko 600 euro ingurukoa da, hau da, generoagatiko soldata-arraila %49,81ekoa da, azaldu du Fatuartek. Ildo horretan, gogoratu duenez, Azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, Osoko Bilkurarekin batera ospatuko dena, “beharrezkoa da gogoraraztea emakumeen lan-prekarietatea indarkeria matxista mota bat dela”.

Horrela, EH Bilduk mozio bat aurkeztu du Osoko Bilkurak Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioari eskatzeko modu aktiboan parte har dezala Guggenheim Museoaren Garbiketaren sektorearen grebari irtenbidea bilatzen, langileek genero-soldata-arrakala ezabatzeari eta haien lan-baldintzak hobetzeari buruz egindako aldarrikapenei erantzunez.

Bilbobus eta BilboBizi

Bestalde, Bruno Zubizarretak mugikortasun jasangarria hobetzeko helburuarekin EH Bilduk aurkeztutako beste ekimen baten berri eman du. Esan duenez, Bilboko Udalak kudeatzen dituen bi garraio publikoko operadoreen, Bilbobus autobus zerbitzuaren eta Bilbaobizi bizikletak mailegatzeko udal zerbitzuaren arteko ordutegi-aldeak zaildu egiten du intermodalitatea zenbait ordutegi-tartetan, Bilbobusen eta Bilbaobiziren arteko transferentzia ezinezkoa baita, azken zerbitzu hori ez dagoelako martxan.

Horregatik, mozio horren bidez, EH Bilduk Bilbaobizi eta Bilbobusen ordutegiak koordinatu eta homogeneizatzeko eskatu dio Udal Gobernuari, bi operadoreen arteko erabateko intermodalitatea lortzeko.

Azkenik, Zubizarretak adierazi du erakundeek herritar guztien aisialdirako eskubidea bermatzeko mekanismoak martxan jarri behar dituztela. Horretarako, bere ustez, funtsezkoa da, lehenik eta behin, diagnostiko sakon bat egitea bilbotarrek zer denbora libre duten, zertan diharduten edo zertan eskaini nahiko luketen jakiteko.

Horrela, EH Bilduk mozio batean planteatzen du Bilboko herritarren aisiari eta denbora libreari buruzko diagnostiko bat egitea, ondoren aisialdiko eta denbora libreko mahai bat sortzeko, inplikatutako eragile guztiekin osatua. Mahai horren helburua izango litzateke espazio osasungarriak eta positiboak sortzea, eta esperientzia desberdinak eskaintzea, non belaunaldien arteko trukea, elkartasuna, lankidetza eta sorkuntza, eta herritar guztien garapen pertsonal positiboa sustatuko duten balio ugari sustatuko diren.