Maria del Riok, EH Bildu udal taldeko bozeramaileak, gaur adierazi duenez, aurrekontuak negoziatzeko saiakerak izan dituzten arren, Udal Gobernuak ez du alderdi subiranistarekin elkarrizketetan jarraitu nahi izan, akordioak lortze aldera. Hortaz, Del Rioren esanetan, "aukera galdu da etxebizitza-larrialdiari erantzuteko, hutsik dagoen etxebizitza mobilizatzeko, haurrentzako espazioak eta hiri basoak gaitzeko, eskola-inguruneak hobetzeko, hiri osoan irisgarritasuna bermatzeko, edota oinarrizko gizarte-zerbitzuak indartzeko, besteak beste".
"EH Bilduk adostasun-proposamenak aurkeztu dituen arren, azkenean, EAJk ez du ausardiarik izan aurrera jarraitzeko eta aurrekontuak hobetzeko akordioak lortzeko", adierazi du. Testuinguru horretan, EH Bildu udal taldeak osoko zuzenketa eta 24 zuzenketa partzial aurkeztu ditu, sei ardatz estrategikotan oinarrituta: "etxebizitza, trantsizio ekologikoa, zaintzak, auzoak eta hiri-kohesioa, euskara eta kultura eta merkataritza".
Ildo horretan, profil zehatzei lotutako bizitegi-alternatiben eskaera handia dela eta, EH Bilduk bazterketa-arriskuan dauden ama bakarreko familientzat Ibaiondon ekipamendu integrala egitea eskatu du, zuzkidura-bizitokiekin eta haurreskola bat edota haurrentzako zerbitzu batekin, alegia.
Era berean, egoera zaurgarrian dauden pertsona eta familientzat behin behineko bizitoki modularrak abian jartzeko ere eskatu du, egoitza egonkor bat lortzeko prozesuan alternatiba giza. Eraikuntza-eredu horrek aukera ematen du bizitoki horiek geografikoki lekualdatzeko, sortzen diren premiei eta larrialdi-egoerei erantzuteko.
Horrez gain, EH Bilduk bere zuzenketetan proposatzen du hutsik dagoen etxebizitza mobilizatzea, Bilbo tentsionatutako eremu izendatzeak dakartzan neurriak martxan jartzea eta edukitzaile handiei etxebizitza hutsagatiko kanona aplikatzeko beharrezkoak diren baliabideak abiaraztea.
Haurrentzako espazioak
EH Bilduk haurrentzako espazioak sortzea eskatu du, 0-12 tarterako zentro bat, eta 0-3 urte bitarteko bi zentro. Ixteko arriskuan dauden eskolak irekita mantentzeko eta haurreskolako plazen eskaerari erantzuteko helburuekin, eskola publikoak haurreskola gisa egokitzea planteatu dute. Eskolako ingurune guztiak hobetzea eta eskolako jolastokiak berdetzea dira alderdi suberanistaren beste proposamenetako batzuk.
Trantsizio ekologikoari dagokionez, udal-taldeak hiri-basoak ezartzea proposatu du eta Bilboko ingurumen-proiektu estrategiko bat jartzeko partidak eskatzen ditu: Ibaizabal naturalizatzea eta berreskuratzea, Boluetatik Abusuraino. Udal Etxebizitza Sailak eraikinen fatxadetan terrazak jartzeko partidak ere planteatu ditu.
Zerbitzu publikoak eta zaintza-zerbitzuak hobetzea da EH Bilduren lehentasunezko beste ardatzetako bat. Hala, etxe langileentzako eta zaintzaileentzako egokitutako atsedenerako espazio bat sortzea eskatzen du, baita hiribilduan zehar oinarrizko gizarte-zerbitzuak indartzea ere, bereziki 3. barrutiari (Otxarkoaga-Txurdinada) eta 7. barrutiari (Errekalde) dagozkienak.
Tokiko ekonomia bultzatzea da EH Bilduren beste helburuetako bat. Horrela, ekintzailetza bultzatzeko, udal-lonjak erosteko edo egokitzeko partida bat proposatzen du, tokiko merkataritzarako alokairu eskuragarrian erabiltzeko.
Udal merkatuak
Era berean, udal-merkatuak biziberritzeko plan bat planteatzen du, baita merkatu horien erabilera jantoki komunitarioen bidez bultzatzea ere. Jantoki horietan merkatuko produktuak erabiliko lirateke, eta mendekotasun-mailarik ez duten adinekoentzat izango lirateke gehienbat, sareak ehunduz eta nahi ez den bakardadea saihestuz.
EH Bilduren beste proposamen bat da kontsumo arduratsuan oinarritutako proiektuak garatu ahal izateko espazioa sortzea, elikadurari lotuta gehienbat, baina baita ekonomia sozial eta solidarioko beste esperientzia batzuei ere.
Hurtado Amezagan ere esku hartzea proposatu du EH Bilduk, zenbaki bikoitietan espaloia zabalduz eta behin-behineko bidegorria prestatuz, eta Ibeniko kaia berrurbanizatzea. Alderdi subiranistaren proposamenak dira baita 2026-2036 irisgarritasun plana eta Bilbobusen partida handitzea, zerbitzua berrantolatzeko prozesu parte-hartzailean adosten diren proposamenak inplementatzeko.
Euskararen ordenantza, ekoizpen artistiko eta kulturalaren sustapena eta Udalak auzoetan jaiak antolatzeko azpiegiturak izatea dira EH Bilduk planteatzen dituen beste gaietako batzuk.
"Laburbilduz, hiriaren egungo beharrei erantzuna emateko proposamen zehatzak, adostasunezkoak, eta egingarriak aurkeztu ditugu ", azaldu du Maria Del Riok. Hala ere, bere esanetan, "Gobernu taldea ez da gai izan negoziazio prozesuarekin jarraitzeko, eta berriro ere aurrekontua bakardadean egitera mugatu da, gobernantza kooperatiboari eta bilbotarrei bizkarra emanez", amaitu du.