AKTUALITATEA


| 2023-03-21 12:22:00

2023ko Tourra Bilbon hasteko 100 egun falta direnean, Jone Goirizelaiak, EH Bilduren Bilboko Udaleko bozeramaileak, adierazi du “inork ez duela zalantzan jartzen oihartzun handia izango duen ekitaldia izango dela”. Bere ustez, “ona da hiriarentzat, gure txirrindularientzat eta, oro har, kirolarentzat horrelako ekitaldi bat Bilbora etortzea”.

Hori dela eta, esan duenez, “euskal erakundeek eta, bereziki, Bilboko Udalak hain garrantzitsua den ekitaldi hau modu arrakastatsuan egin dadin eta arlo guztietan onurak sor ditzan laguntzea nahi dugu”. Horretarako, Euskal Herria Bilduk mozio bat erregistratu du martxoko Osoko Bilkuran eztabaidatzeko.

Mozio horren bidez, honakoak eskatzen ditu EH Bilduk: beharrezkoak diren mekanismoak ezartzea etxebizitza turistikoen legezkotasuna kontrolatzeko eta bereiziki prezioen igoera indiskriminatua saihesteko, lan-eskubideak bermatzeko, jarrera sexistak saihesteko eta Tourrak ematen digun aukera aprobetxatzeko Euskal Herria nazio bat dela erakusteko.

Jone Goirizelaiak gaur ekimen honen berri eman du Asier Gonzalez zinegotziarekin batera eman duen prentsaurrekoan. Azaldu dutenez, ekitaldi hau ospatu eta zortzi hilabetera, 2022ko azaroan, 6.200 euroren truke alokatzen ziren apartamentuak Alde Zaharrean; eta aurtengo otsailean, erreserba-atarietan eskainitako pisu turistiko asko 4.000 eurotik gorakoak izan dira, Bilbon gaua pasatzeagatik Tourraren bezperan, baten bat 8.251 eurora arte helduz.

“Zifra horiek guztiz neurrigabeak dira, eta horri gehitu behar zaio arautu gabeko edo legez kanpoko etxebizitza turistikoen iragarkien kopurua % 59 hazi dela azken urteotan”, gaineratu dute. Horregatik, mozioaren bidez, Eusko Jaurlaritzari, Foru Aldundiari eta Bilboko Udalari eskatzen die, bakoitzak bere eskumenen arabera, etxebizitza turistikoen eskaintza eta horien legezkotasuna kontrola ditzala, ezkutuko ekonomia, prezioen gorakada indiskriminatua eta lortutako etekina ezkutatzeko arriskua saihesteko.

Bestalde, Tourra dela eta, BilbaoEkintzak hainbat enpresa kontratatutako ditu zerbitzu desberdinak eskaintzeko. “Ezinbestekoa da beharrezko mekanismoak jartzea Udalak sustatutako beste ekitaldi batzuetan gertatutakoa saihesteko; esaterako BBK Liven langileek lan-baldintza txarrak salatu baitituzte behin eta berriz”, adierazi dute. Horrela, EH Bilduk proposamenean gobernu taldeari eskatzen dio beharrezko kontrol-mekanismoak ezar ditzala, Tourrarekin lotutako jarduerak egiten dituzten enpresek kontratatutako pertsonen lan-baldintzak berma ditzaten, lan-prekarietatea, gehiegizko kontratu-klausulak eta jenerogatiko diskriminazioa saihestuz.

Era berean, gobernu-taldeari eskatzen dio Tourrari lotutako propagandan eta ekitaldietan eduki sexista duten irudiak ez erabiltzeko eta gorputz-aniztasuna sustatzeko.

Azkenik, eta Tourraren oihartzuna kontuan hartuta, bere irudiak 100 herrialde baino gehiagotara iritsiko baitira, euren esanetan, “Europan eta munduan nazio bat garela erakusteko aukera eskaintzen digu”. “Ezin dugu alferrik galdu gure kultura eta historia erakusteko aukera handi hau”, nabarmendu dute.

Horrela, EH Bilduk gobernu-taldeari eskatzen dio Tourraren inguruko ekitaldi guztietan euskararen erabilpena berma dezan, Bilbo Euskal Herriko hiria dela adieraz dadila, eta herri gisa dugun nortasuna nabarmendu dadila, herri gisa identifikatzen gaituzten elementuei ikusgarritasuna emanez.