AKTUALITATEA


| 2019-08-27 11:34:00

 

Aurtengo Aste Nagusia bukatu da eta Euskal Herria Bilduren balorazioa oro har positiboa da. Jaiak benetan politak izan dira; arrakastatsuak eta jendetsuak.Beraz balorazio ona egiten dugu, bai, baina irakurketa honek baditu bere argi-ilunak.

Jaien alderdi oso positiboa Bilboko Konpartsak dira: jai herrikoi, parte-hartzaile eta parekideak lortzeko ehunka pertsonek egin duten lana berriz ere izugarria izan da.Zalantza barik, eurei esker Bilboko jaiak bakarrak dira munduan. Horregatik,  beste urte batez Bilboko Konpartsak zoriondu behar ditugu.  

Horrez gain, Beatriz Sever pregoilariaren eta Itsasne Nuñez txupineraren lana eskertu nahi dugu.“Naizen” Euskal Herriko Adin Txikiko Transexualen Familien Elkarteko bozeramaile da Beatriz eta, bene-benetan, bere pregoia hunkigarria izan zen, aniztasunaren balioa azpimarratuz eta transexualitatearen errealitatea agerian jarriz.

Baina Aste Nagusiak bere alde ilunak ere izan ditu, eta arlo batzuetan serioski lan egin beharra dago, hurrengo jaietara begira.Adibidez, gertatutako eraso sexistak gogor salatu behar ditugu,  eta kasu honetan ere Bilboko Konpartsen jarrera eredugarria goraipatu nahi dugu, segituan protokoloa aktibatu eta kontzentrazioak eta paroak deitu dituztelako, gizartea kontzientzia har dezan.

EH Bilduren ustez, beharrezkoa da Bilboko Udalak eraso sexualen kontrako neurri errealak hartzea.EH Bilduk hainbat neurri proposatu zituen uztailean, jaietan ere emakumeok libre izan (d)gaitezen bermatzeko. Besteak beste: jaietan zehar indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa,  autodefentsa feminista ikastaroak, eta jai egitarauko ekintzak programatzeko orduan genero ikuspegia oso kontutan hartzea.  

Marketinetik harago doazen politikak egin behar ditugu. Izan ere, indarkeria sexista gizon eta emakumeen arteko harreman desoreka estrukturalaren ondorio dira.Horregatik Udal Gobernua ezin da lelo hutsetara mugatu. Udalak ahalegin handiagoa egin behar du indarkeria matxistaren aurkako politikak urte osoan landuz, mugimendu feministarekin elkarlanean arituz eta baliabide gehiago jarriz.

Bestalde, segurtasuna Aste Nagusi honetako beste puntu ilun bat izan dela uste dugu, nahiz eta Aburtok kontrakoa esan eta bikaina izan dela ziurtatu.Guk auzo-poliziaren eredua defendatzen dugu eta horren aldeko Hitzarmena sinatu genuen, polizia herritarrengandik hurbila, arretatsua eta prebentzioan trebatua nahi dugulako.Baina hori ez da Aste Nagusian ikusi dugun polizia eredua izan. Ez bakarra. Prebentzioan lan egin beharrean neurri zigortzaileak hartu dituzte kasu batzuetan eta ondorioak okerragoak izan direla bistan da.

Adibidez, abuztuaren 21eko jokaera guztiz arduragabea eta neurrigabea izan zen. Ez zen ez ordua ezta ere lekua era horretan interbenitzeko. Gau hartan “segurtasun arazo” baten izenean inseguridade arazo larriagoa piztu zuten hiritarrengan.

Eta hori ez da gehiegikeriaren adibide bakarra izan. Asteazken arratsaldean konpartsakide bat bortizki azpiratu, atxilotuta eraman eta 19 ordu izan zuten inkomunikatuta, familiari ezer esan barik.Hemen polizia batzuek Segurtasunaren Aldeko Hitzarmenaren kontra jokatu dute. Aburtoren iritziz balorazioa bikaina da, baina gure iritziz eskasa da Udal Gobernuak segurtasun arloan egindako kudeaketa.

Azkenik, EH Bildutik salatu nahi dugu Udalak berriro ere fondo publikoen bitartez zezenketak sustatzea. Denon diruarekin ari dira sarrerak erosten. Bilboko udalak zezenketei eusteko gastatzen duen dirua zenbatekoa den jakin nahi genuke.Honezkero, Aburtok eta Gilek zezenketak babesteko egindako ahaleginari argi erantzun dio Bilbo hiriak: bilbotarrok ez dugu zezenketarik nahi!Asistentzia hain da eskasa, prentsak ere porrot gisa definitu duela. Lehenengo hiru zezenketek 4.000 inguru ikusle izan zituzten, zezen plazaren aforoa 14.000 pertsonakoa denenean.Zezenketek Bilbon ez dute etorkizunik. Jendeak ez ditu maite eta 2018an zezen plazak 360.000 euroko galera ekonomikoak izan zituen. Alegria handirik dagoenik ez dago Vista Alegren.

Zenbat froga gehiago behar ditu Alkateak? Aburtok herriari kasu egitea dauka behingoz, eta horrelako ikuskizun lotsagarriekin bukatu. EH Bilduk Vista Alegreren erabileraren gaineko eztabaidari adarretatik heltzea proposatzen du, eta herri kontsulta da irtenbideetako bat.