AKTUALITATEA


| 2025-12-11 11:55:00

EH Bilduk gaur adierazi duenez, Bilbobuseko lineen berrantolaketa "eraginkorra" izateko, "adabakiek ez dute balio", beharrezkoa da "inbertsio handiagoa eta anbizioz eta epe luzera egindako plangintza". Bilbobus zerbitzua kudeatzeko moduei buruz egindako azterlanari dagokionez, Bilboko errealitatea kontuan hartzen ez duela adierazi du eta gaur egun kudeaketa pribatua "zuzenekoa baino % 2,5 garestiagoa dela” esan du, “1,3 milioi euro gehiago urtean", alegia. 

Maria del Riok eta Karlos Renedok, EH Bilduko bozeramaileak eta zinegotziak, hurrenez hurren, adierazpen horiek egin dituzte gaur Bilbobuseko lineen berrantolaketa eta udal autobus zerbitzuaren kudeaketa moduei buruzko azterketa baloratzeko emandako prentsaurrekoan. Bertan, Nora Abete Mugikortasun zinegotziarekin bilera bat eskatu dutela iragarri dute, bere balorazioa helarazteko, baita EH Bilduk Bilbobusen kudeaketa eta funtzionamendua hobetzeko egindako proposamenak ere. 

Renedok gogorarazi duenez, 2021ean EH Bilduren ekimenez onartu zenetik, "azkenean", Udal Gobernuak Bilbobuseko lineak berrantolatzeko proposamena aurkeztu du. Proposamen hori, ordea, aurrekontua handitu barik egiten dutela deitoratu du. “Horrek zerbitzu batzuk hobetzeak beste batzuk okertzea ekarriko duela esan nahi du. Toki batetik kentzea beste batean jartzeko", ohartarazi du. 

EH Bilduko zinegotziak ez ditu proposatutako lineak baloratu, ikerketak ez baitu horri buruzko daturik jasotzen, eta mahai gainean jarri ditu EH Bilduk faltan botatzen dituen gaiak, hala nola “Udal Gobernuaren proposamenak ez duela larunbatetako, igandeetako, jaiegunetako, udako egunetako eta Gautxoriko zerbitzua aurreikusten”. Era berean, funtzionamendua hobetzeko hainbat proposamen egin ditu. 

Horren harira, azpimarratu duenez, "berrantolaketaren lehentasuna  bat bilbotarren premiak izan beharko lirateke, eta, bereziki, hirian mugitzeko garraio publikoaren menpe daudenen premiak, hala nola pertsona nagusienak eta adin txikikoenak". Ildo horretan, EH Bilduk "anbulatorioekin eta hiriko osasun eta zaintza zentroekin eta ikastetxeekin lotura hobea duten" lineak proposatu ditu. “Eta, jakina, Bilboko goiko auzoekiko eta hirigune berriekiko lotura hobetzea", gaineratu du. 

Ordutegiei dagokienez, Karlos Renedok eskatu du gutxieneko maiztasuna hobetzea eta ordu erdikoa izatea; puntako orduetan errefortzuak planifikatzea; eta ordutegiak zabaltzea, barruti guztietarako lehen eta azken orduan zerbitzuak ezarriz; izan ere, langile askok ez dute lantokira iritsi edo lantokitik itzultzeko modurik, eta ibilgailu partikularra hartu behar izaten dute. 

Diseinuari dagokionez, EH Bilduko zinegotziak linea ez erradialak ezartzea proposatu du, guztiek ez baitute nahitaez zentrotik pasatu behar. Funtsezko beste gai bat, Renedoren ustez, ibilbidearen denbora hobetzea da, eta, horretarako, "garrantzitsua" da batetik, "autobusek semaforo propioak izatea, euren joan-etorriei lehentasuna emateko; eta, bestetik autobus-erreia handitzea". "Horrek zerbitzua nabarmen hobetzea ekarriko luke. Gaur egun, Bilbok sei kilometroko autobus-erreia baino ez du, eta handitu beharrean, tarte batzuk kentzea pentsatzen ari dira, hala nola Deustu-Autonomia", gaineratu du. 

Azkenik, esan du horrelako azterlan batean, EH Bilduren ekimenez, martxan jarritako Bilbobuseko emakume erabiltzaileek eskatzen dituzten gaueko geldialdiak jaso behar direla, baina ez da horrela.

"Hauek dira EH Bildutik planteatzen ditugun eta hurrengo bileran Nora Abeteri proposatuko dizkiogun gaietako batzuk. Berrantolaketa arrakastatsua izatea nahi badugu, anbizioz ekin behar diogu, adabaki huts batzuek, ez baitute zerbitzua hobetuko", adierazi du. 

Bilbobusen kudeaketa 

Bestalde, Maria del Riok Bilbobusen kudeaketa-moduei buruz egindako azterlanari buruz hitz egin du, eta esan du, azterketa sakon bat egin ondoren, “agerikoa dela Bilboren errealitatea ez duela kontuan hartzen eta Bilbobusen kudeaketa pribatuak ez digula kosturik aurrezten Bilbon". 

Ildo horretan, azaldu du bidaiariko gastua Bilbon (2,2 €) kudeaketa publikoaren aldeko apustua egiten duten beste hiri batzuetan baino dezente handiagoa dela, hala nola Gasteizen (1,7 €), Donostian (1,61 €) edo Valladoliden (1,2 €). "Azterlanak kudeaketa pribatuak zerbitzuaren kostuak % 3 merkatzen dituela ziurtatu arren, azterlan generikoa da, eta ez du balio Bilborako", nabarmendu du. 

Ildo horretan, nabarmendu du kudeaketa pribatuarekin egungo langile-gastuak gastu guztiaren % 73,20 direla, langile publikoek dituztenen antzekoak. Autobusentzako energia elektrikoaren kostuen kasuan, azaldu duenez, txostenak enpresa pribatuak tarifa elektrikoan % 10 aurrezten duela esaten duen arren, merkeagoak dira udal kudeaketa zuzenarekin, izan ere, udal honek autobusak Metro Bilbao enpresa publikotik datorren energia soberakinarekin kargatzeko aukera ematen duen Medusa proiektua martxan jarri baitu. 

Zerbitzua emateko lokalei dagokienez, azterlanaren arabera, "kudeaketa pribatuak atal honetan % 10 aurrezten du, baina ez du aurreikusten Bilboren kasuan inbertsio hori eginda dagoela, Bilbobuseko kotxetegiak udalarenak baitira". Antzeko zerbait gertatzen da flotaren mantentze-lanekin, azaldu du Del Riok. "Azterlanaren arabera, kudeaketa publikoak zerbitzu hori kanporatzen du eta % 19 garestitzen du, baina Bilbobusen kasuan, udal kotxetegietako langileek egiten dute zerbitzua, eta, beraz, orain duen kostu bera izango luke", zehaztu du. 

Bestalde, azaldu duenez, azterlanaren arabera, kudeaketa pribatuak % 6 garestitu du zerbitzuaren zenbatekoa, etekin industrialaren kontzeptuan. Bilboren kasuan, horrek 3,1 milioi euroko kostua izan du 2023an. “Inork ez du ziurtatzen etorkizunean gastu hori handituko ez denik, batetik, enpresek irabaziak handitzeko joera dutelako, eta, bestetik, zerbitzu horren eskaintzan lehiakortasun handirik ez dagoelako”, ohartarazi du Del Riok. 

Hortaz, bere esanetan, “azterketa Bilboko errealitatera eramaten badugu, kudeaketa pribatua, gaur egun, zuzenekoa baino % 2,5 garestiagoa da, hau da, urtean 1,3 M €garestiagoa”. “Zuzeneko kudeaketak, gaur egun, hasieratik %6a aurrezten du, etekin industrialari dagokiona. Horrekin batera, kostu-onura optimizatzeko estrategia bat garatu behar da, batez ere, gure hiriaren errealitaterako behar diren lineak behar bezala diseinatzea, erabiltzaileak gehitzea eta tarifa-sistema progresibo bat ezartzea”, nabarmendu du.