Hiriko mugikortasun bertikaleko instalazioen egoeraren berri denbora errealean emateko eta horietan erregistratutako gorabeherei buruzko abisuak telefono mugikorrera bidaltzeko APP bat sortzea proposatu du EH Bilduk maiatzean eztabaidatuko den mozio baten bidez.
Karlos Renedo Bilboko Udaleko EH Bilduko zinegotziak gogorarazi duenez, Bilbok egun 77 udal igogailu eta Artxandako funikularra ditu. Horiek, iaz 23,6 milioi erabiltzaile izan zituzten eta kopuru hori urtero hasten doa.
Pertsona askoren mugikortasuna eta irisgarritasuna bermatzeko mugikortasun bertikaleko instalazio horien garrantzia nabarmendu duen arren, igogailu horiek "gorabehera ugari" izaten dituztela gaineratu du Renedok. "Kasu batzuetan arin konpontzen badira ere, beste batzuetan ordu luzez daude zerbitzutik kanpo", gaineratu du. Ildo horretan, zehaztu duenez, "iaz 730 intzidentzia erregistratu ziren, eta horrek egunean bi matxura inguru ematen dizkigu batez beste".
Horren harira, adierazi duenez, "pertsona guztientzat zerbitzuz kanpo dagoen igogailu bat aurkitzea eragozpen bat bada ere, kolektibo jakin batzuentzat, hala nola adinekoentzat, haurtxoen orgatxoak dituztenentzat edo mugitzeko arazoak dituztenentzat, arazo larria izan daiteke, alternatibarik gabe uzten dituena".
Adierazi duenez, gorabeherak edo matxurak askotan saihestezinak diren arren, "posible da herritarrei horien berri ematea". Eta horixe da, hain zuzen ere, EH Bilduk bere mozioan planteatzen duena: "APP bat garatzea, erabiltzaileek udal-igogailuen eta Artxandako funikularraren kokapenari eta funtzionamendu-egoerari buruzko informazioa denbora errealean izan dezaten, edo, hala badagokio, informazio hori lehendik dagoen udal-aplikazio batean eskaintzeko, ahal dela Bilbobusen aplikazioan".
Aplikazio horren bidez, azaldu duenez, igogailuen egoerari buruzko informazioa denbora errealean eman daiteke, Bilboko mugikortasun bertikaleko elementu guztiak biltzen dituen mapa baten bidez. Horretan berdez funtzionamendu normala duten igogailuak agertuko lirateke eta gorriz matxuraren bat edo bestelako gorabeheraren bat dutenak.
Gainera, esan duenez, aplikazio horren bidez, gorabeherei buruzko abisuak bidaliko litzaizkieke erabiltzaileei telefono mugikorrera, eta joan-etorrirako aukera eskuragarriak ere eskainiko litzaizkieke.
Bere ustez, ekimen hori "erraz jarri daiteke martxan eta zerbitzuaren kalitatea hobetuko luke, erabiltzaileok gure eguneroko joan-etorriak ezustekorik gabe planifikatu ahal izateko berehalako informazio praktikoa eskaintzen baitu". "Horregatik, gobernu taldearekin akordio bat adostea espero dugu", gaineratu du.
Bilbon, 2026ko apirilaren 27an.