AKTUALITATEA


| 2023-01-26 10:55:00

EH Bilduren ekimenez, Bilboko Udalak etxebizitzari buruzko sailarteko foroa abiaraziko du, udal talde guztien parte hartzearekin, ideiak eta iradokizunak jasotzeko, Bilboko Udalak Etxebizitza Eskubidearen aldeko Plangintza egiteko helburuarekin. Gobernu taldeak eta EH Bilduk adostutako zuzenketa da, alderdi soberanistaren mozio baten ondorioz.

Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, akordio horrekin hurrengo udalbatzarentzat “aukera-leiho bat irekiko da, pertsona guztiek etxebizitza duina izateko duten eskubidea erdigunean jartzeko, eta hori guztiz beharrezkoa da Bilbon, kontuan hartuta etxebizitza egiturazko arazo bat dela”.

Ildo horretan, Fatuartek zehaztu du erabilera turistikorako etxebizitzen kopuruak gora egin duela, horien iragarki irregularren kopuruak ere bai, horien gaineko kontrolik ez dagoela, alokairua garestitu egin dela, gazteek etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak dituztela eta 700 pertsonak ez dutela etxerik Bilbon, eta horien erdiek kalean ematen dutela gaua.

Horrela, Fatuartek adierazi duenez, EH Bilduk “bere esku dagoen guztia egingo du aukera hau alferrik gal ez dadin, eta lan egingo du etxebizitza plan honek asmo handiko helburuak izan ditzan, arlo guztiak aktiboki inplika daitezen, proposatzen diren neurriak ausartak izan daitezen, eta giza baliabideak zein baliabide ekonomikoak bidera daitezen, aurrean dugun erronkaren arabera”.

“Badakigu ez dela erraza izango, erresistentziak izango ditugula, dugun etxebizitza-arazo larriari modu eraginkorrean aurre egin ahal izateko, baina gaur lortutako akordioak ematen dizkigun aukerak baliatuko ditugu, Bilbon pertsona guztiei etxebizitza-eskubidea bermatzea lortzeko helburuarekin”, nabarmendu du.

Bere ustez, “beharrezkoa” da “berehala” neurriak hartzea, Bilboko etxebizitzaren egiturazko krisiari udal-eremutik aurre egingo dion estrategia integral bat abian jartzeko, eta plan horrek jasotzen dituen neurriek zeharka inplikatu beharko dituzte udal-arloak, hala nola etxebizitza, hiri-berroneratzea, ogasuna, gobernantza, hiri-plangintza eta proiektu estrategikoak, garapen ekonomikoa, gizarte-ekintza, gazteria eta berdintasuna.