AKTUALITATEA


| 2022-06-30 13:36:00

EH Bilduren ekimenez, Bilboko Udalak indarkeria matxista prebenitzeko ekintzak sustatuko ditu Bilboko jai-inguruetan, jai batzordeekin, ostalaritzarekin eta mugimendu feministarekin lankidetzan. Era berean, jaietan emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzeko tokiko prozesuak bultzatzeko gida zabalduko du Udalak Bilboko jai-ekitaldien antolaketan parte hartzen duten eragile guztien artean, eta metodologia bateratua ezartzearen bideragarritasuna aztertuko du.

Udalak erabaki hori hartu du Udal Gobernuaren eta EH Bilduren arteko zuzenketa bat onartu ondoren, alderdi subiranistaren mozio baten ondorioz. Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak gogorarazi du sexu-askatasunaren aurkako delituengatik jarritako salaketek gora egin dutela, eta Bizkaian, 2022ko lehen hiruhilekoan, iazko epe berean baino % 34 salaketa gehiago izan direla.

Testuinguru horretan, haren ustez, “ezinbestekoa” da jaietan emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzeko lan bat egitea, eta lan hori “udalek, jai-batzordeek, ostalaritzak, txosnek eta hiriko jai-ekitaldiak programatzen dituzten kolektibo guztiek egin behar dute, mugimendu feministaren eskutik”. Adierazi duenez, “helburua ez da soilik eraso baten aurrean nola erantzun, baizik eta eraso matxistarik gabeko jaiez gozatzeko aukera emango duten prozesuak abian jarri ahal izateko gakoak ematea”.

EH Bilduko zinegotziak zehaztu dutenez, Bilboko kasuan, “ez gara zerotik abiatzen”; izan ere, azken urteotan “indarkeria matxista saihesteko eta horri erantzuteko protokoloak osatu dira, bai Aste Nagusiaren testuinguruan, Bilboko Konpartsen lanari esker; eta baita auzoetako jaietan ere, jai-batzordeek mugimendu feministarekin elkarlanean egindako bideari esker”. Hori dela eta, EH Bilduren zinegotzien ustez, jaiak berriz itzuliko diren honetan, “beharrezkoa da lan hori dagoeneko abiatu den espazioetan indartzea eta, aldiz, oraindik egiteke dagoen lekuetan, sustatzea”.

Horretarako, Emakundek argitaratu berri duen 'Emakumeenganako indarkeria matxista jaietan prebenitzeko tokiko prozesuak sustatzeko gida' tresna gisa erabiltzea proposatu du EH Bilduk. Horren bidez, Bilboko Udalak lankidetza-prozesu bat hasi ahal izango du jai-batzordeekin, ostalariekin eta, oro har, Bilboko jai-ekitaldien antolaketan parte hartzen duten eragile guztiekin, betiere mugimendu feministaren eskutik. Helburua da, EH Bilduko zinegotziak nabarmendu duenez, udalak laguntza ematea eraso matxistak saihesteko lan egingo den jai-guneak antolatzeko, eta horretarako, “beharrezkoak diren baliabide eta bitarteko guztiak jarri behar dira”.

«Gaur lortutako akordioarekin, urrats bat eman da jaiak pertsona guztiek askatasunez eta errespetuz gozatu ahal izateko, indarkeria matxista saihestera bideratutako politika publikoak indartzeko, jai-gune inklusiboak eta indarkeriarik gabekoak sortzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen direla bermatzeko konpromisoa hartuz», amaitu du.