AKTUALITATEA


| 2020-05-28 18:35:00

Jone Goirizelaiak, EH Bilduko bozeramaileak, azpimarratu duenez,  gaurko osoko bilkuran, EH Bildu Bilboren ekimenez,  "aurreko krisian ezarritako austeritate politikak bertan behera uzteko eta kalitatezko zerbitzu publiko indartsuak defendatzeko akordio oso garrantzitsua lortu da”, eta “hori Bilbotar guztientzat ona izango da, are gehiago bizi dugun egoeran".

Ildo horretan, azaldu duenez, “COVID19ak sortutako egoera baino lehen, gure hiriko beharrei aurre egiteko zerbitzu publikoak indartu behar baziren ere, pandemiaren ondorio sozioekonomiko larriek Bilbon behar sozialak eta egoera ahulean dauden pertsonak areagotu besterik ez dute egin”. “Beharrezkoa da erakundeok egoera horiei erantzuteko mekanismoak aktibatzea, eta hori da akordio honen helburua", esan du.

EH Bildu udal taldeak aurkeztutako mozioan Bilboko Udalak Espainiako Gobernuari eskatzen zion, hurrengo Aurrekontuen Legean, birjarpen-tasaren mugak desagerrarazteko, udalei aukera emanez gizarte-zerbitzuetan zerbitzu egokia emateko behar diren pertsonak kontratatzeko. Azkenik, EAJren zuzenketa onartu da, kontratazio hori herritarrei zerbitzuak egokiro emateko behar dituzten baliabideak kontratatzera zabaltzen zuena.

Goirizelaiak adierazi duenez, EH Bilduk bere mozioan gizarte zerbitzuetan jartzen zuen arreta, "arlo horretan izango den beharrizanen hazkundea kontuan hartuta; izan ere, krisi guztietan bezala, egoera ahulenean dauden pertsonak dira kaltetuenak". Hala ere, beste zerbitzu publiko batzuek ere indartzeko beharra izango dutela jakinik, zuzenketa onartu dute.

"Gure helburua pertsonak erdigunean jartzea da eta, horretarako, austeritate politika guztiak irauli behar dira. Helburu horrekin, EH Bilduren ekimenez, aurreko osoko bilkuran gastu-muga malgutzeko ekimen bat onartu genuen, eta, oraingoan, akordio bat lortu dugu Gobernuari eskatzeko birjarpen-tasa desagerraraz dezala”, azpimarratu du.

Goirizelaiaren hitzetan, birjarpen-tasa "neurri politiko bat da, zerbitzu publikoen kalitatea urratzea ekar dezakeena, baita zerbitzuari aurre egiteko enpresa pribatuen aukerak bultzatu ere, zerbitzua garestituz eta langileen lan-baldintzak debaluatuz, horrek zerbitzuaren kalitatean dituen ondorioekin".

Horregatik, bere ustez, "ezinbestekoa" da neurri hori indargabetzea, izan ere, "herritar guztiek kalitatezko zerbitzu publikoak jasotzeko eskubidea izango duten sistema publiko indartsu baten aurkakoa da".