AKTUALITATEA


| 2025-09-25 13:07:00

EH Bildu udal taldearen ekimenez, gobernu taldeak inbentario bat egingo du Gerra Zibilean eraikitako babeslekuei buruz, eta inbentarioa egin ondoren, egoera onenean dagoen babeslekua egokitzeko aukera aztertuko du, bisitatua izan dadin. Era berean, Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren inguruko museo birtual bat jarriko da martxan memoria historikoa berreskuratu eta ikusarazteko. 

Akordio hori EH Bilduren eta gobernu taldearen arteko transakzio-zuzenketa onartu ondoren hartu da, alderdi soberanistak aurkeztutako proposamen baten ondorioz. Garazi Perea pozik agertu da lortutako akordioarekin, "Bilboko memoria historikoa berreskuratzeko bidean aurrera egitea dakarrelako, eta hori funtsezkoa da Bilbo antifaxista aldarrikatzeko". 

Pereak azpimarratu duenez, Bilbo "erresistentzia-gune antifaxista" eta Euskal Herriko hiribururik bonbardatuena izan zen. "Lehena 1936ko abuztuaren 9an izan bazen ere,  hurrengo urteko martxoaren 31n hasi zen Mola Jenerala buru zuen ‘Campaña de Vizcaya’ eta, sublebatutako indarrentzat, Bilbo eta bere biztanleria gerra helburu bihurtu ziren. Datu ofizialen arabera, 250 eta 350 hildako utzi zituzten bonbardaketek, eta 800 bat zauritu", azaldu du. Testuinguru horretan, esan duenez, "162.000 biztanle baino ez dituen hiri batean, 11 hilabetetan 269 babesleku atondu zituzten, bonbardaketetatik babesteko". 

Ildo beretik, Pereak nabarmendu du "beharrezkoa" dela gogoratzea Bilbo "estrategikoa" izan zela, "ez bakarrik lehen Eusko Jaurlaritzaren egoitza zelako, baizik eta Errepublikaren aldeko polo industrial eta meatzari garrantzitsuenetako bat izan zelako. Santander eta Asturias probintzietako defentsen oinarri zen puntu neuralgiko bat ere izan zen". 

"Bilbo erori eta tropa frankistek hiria hartu izanak de facto iparraldeko frontearen erorketa ekarri zuen, eta ondorio militarrak ez ezik, politikoak eta sozialak ere izan zituen. Horrela, erregresio demokratikoak eskubideak eta askatasunak ezabatzea eragin zuen", zehaztu du. Azaldu duenez, Bilboko Udalean, Miguel de Ganuza Gobernadore Zibilak Jose Maria de Areilza izendatu zuen Bilboko alkate, Ernesto Erkorekaren ordez. "Areilzaren 8 hilabeteko udal-kudeaketan, udal-jarduera boterea indarkeriaren bidez araztu, aletu eta sendotzera bideratu zen. Emaitza: 14 langile hildako, eta Udalaren datuen arabera, 1.121 kaleratu, %58a”, nabarmendu du. 

"Berri ona da, 2027an Bilbo erori zenetik 90 urte betetzen direnean, akordio horiek lortzea, memoria historikoaren garrantzia balioesteko eta balio demokratikoei buruzko hausnarketa sustatzeko, Bilbok Gerra Zibilean eta erresistentzian izan zuen zeregina aintzatesten lagunduz eta, aldi berean, memoria kolektiborako gune bihurtuz", amaitu du.