AKTUALITATEA


| 2026-05-28 11:14:00

Artxandako Funikularreko administrazio kontseiluak udal igogailuei buruzko informazioa denbora errealean hobetzeko proposamen bat aztertuko du, EH Bilduk proposatuta. Alderdi subiranistaren eta gobernu taldearen arteko zuzenketa transakzionatu bat onartu ostean lortutako akordioa da, lehenengoak aurkeztutako mozio baten ondorioz.

Karlos Renedo Bilboko Udaleko EH Bilduko zinegotziak gogorarazi duenez, Bilbok egun 77 udal igogailu eta Artxandako funikularra ditu. Horien erabiltzaile kopurua urtero handiagoa dela azaldu du,  “pertsona askoren mugikortasuna eta irisgarritasuna bermatzeko ezinbesteko instalazioak baitira”.

Hala ere, mugikortasun bertikaleko instalazio horietan iaz 730 intzidentzia erregistratu zirela gogorarazi du Renedok, egunean bi matxura inguru batez beste.

“Kasu batzuetan matxura edo intzidentzia horiek arin konpontzen diren arren, beste kasu batzuetan ordu luzez iraun dezakete eta baditugu adibideak”, azaldu du. Egoera horiek, bere esanetan, pertsona guztientzat eragozpen bat badira ere, kolektibo jakin batzuentzat, hala nola adinekoentzat, haurtxoen orgatxoak dituztenentzat edo mugitzeko arazoak dituztenentzat, arazo larria izan daiteke, euren helmugetara heltzeko alternatibarik gabe geldituz. “Hori gaur edo atzo bezalako egun batean gerta daiteke, kalean 42 gradu dauden bitartean”,

Nahiz eta gorabeherak edo matxurak askotan saihestezinak izan, baita horiek konpontzeko behar den denbora ere, "bilbotarrei intzidentzia horiek berri emateko aukera daukagu”. Eta horixe da, hain zuzen ere, EH Bilduk bere mozioan planteatzen duena: "APP bat garatzea, erabiltzaileek udal-igogailuen eta Artxandako funikularraren kokapenari eta funtzionamendu-egoerari buruzko informazioa denbora errealean izan dezaten, edo, hala badagokio, informazio hori lehendik dagoen udal-aplikazio batean eskaintzeko, ahal dela Bilbobusen aplikazioan".

Aplikazio horren bidez, azaldu duenez, igogailuen egoerari buruzko informazioa denbora errealean eman daiteke. Gainera, esan duenez,  gorabeherei buruzko abisuak bidaliko litzaizkieke erabiltzaileei telefono mugikorrera, eta joan-etorrirako aukera eskuragarriak ere eskainiko litzaizkieke.

Renedok adierazi duenez, lortutako akordioaren ondoren, EH Bilduk udal gobernuaren konpromisoa lortu du, agintaldia amaitu baino lehen funikularraren kontseilura proposamen zehatz bat eramateko. Proposamen hori martxan jartzeak, bere esanetan, “zalantzarik gabe, zerbitzuaren kalitatea hobetzea ekarriko du, erabiltzaileok gure eguneroko joan-etorriak ezustekorik gabe planifikatu ahal izateko beharrezkoa, praktikoa eta berehalakoa den informazioa eskainiko duelako".

Bilbon, 2026ko apirilaren 27an.