AKTUALITATEA


| 2026-05-27 14:37:00

EH Bilduko udal taldeak premiazko neurriak hartzeko eskatu dio gaur Udal Gobernuari, bero boladen ondorioz Bilboko hainbat ikastetxetan gertatzen ari den egoera larria dela eta. Ildo horretan, ikasgelek tenperatura osasungarriak izan ditzaten klimatizatzea eskatu du, eskolako jolastokietan ur-zurrustak instalatzea, itzalak bermatzea eta ikastetxeetako gaueko aireztapena baita ere, besteak beste.

"Neurri hauek planteatzen ditugu udal gobernuaren aurreikuspen faltaren ondorioz hainbat ikastetxek bizi duten egoerari premiazko erantzuna emateko", adierazi du. Hala ere, Del Riok adierazi duenez, neurri puntualetatik haratago, Udal Gobernuak "haur-eskolak, hezkuntza zentroek eta gizarte-zerbitzuak klima-aldaketara egokitzeko plan bat jarri behar du abian, aurrekontu-zuzkidura batekin eta martxan jartzeko epe zehatz batzuekin".

Esan duenez, plangitza hori EH Bilduk "2026-2035 Bero Planaren" barne eskatutako neurritariko bat izan zen. 'Bero Plana' abiaraztea alderdi soberanistaren ekimenez onartu zen 2025eko Bilboko Udalbatzan, baina,  gaur egun, "ikusten dugu oraindik ez dela martxan jarri".

"Gure hiria ez dago diseinatuta gaur egun pairatzen ari garen bero boladak jasateko eta oraindik aurrera gero eta gehiago izango dira. Garrantzitsua da aurrea hartzea eta gure hiria aurkezten zaizkigun erronka klimatikoetara egokitzea, bero-uharteen ondorioak saihesteko eta tenperatura handiko egunetan Bilbo hiri bizigarriagoa bihurtzeko. Horretarako, lan egin eta konpromisoa behar da, neguan erlaxatu barik, tenperatura altuak espero baino lehenago iristen baitira", azpimarratu du.