AKTUALITATEA


| 2026-05-28 16:01:00

Bizitzaren amaieran dauden pertsonei eta euren zaintzaileei laguntza komunitarioa emateko, EH Bilduren ekimenez, Bilboko Udalak ‘komunitate errukitsuak’ indartzeko ekintzak garatuko ditu. Neurri horiek nahi ez den bakardadearen eta gizarte-isolamenduaren aurrean Bilboko udal-estrategia berria garatzeko plan operatiboaren barruan garatuko dira.

EH Bilduren eta gobernu taldearen arteko erdibidetutako zuzenketa bat onartu ostean lortutako akordioa da, alderdi soberanistak aurkeztutako proposamen baten ondorioz.

Maria del Riok ‘komunitate-espazio errukitsuen’ garrantzia azaldu du hainbat adibideren bidez. Besteak beste, gaixotasun aurreratua duen 50 urteko emakume baten kasua aipatu du; senarrak lan egiten du eta seme nerabea ikasten ari da, eta, beraz, "egunean ordu asko eman behar ditu bakarrik".

"Bere bizitza nabarmen hobetuko litzateke zainketa aringarriak modu egokian eskuratuko balitu, eta goizetan lagunduta paseatzeko laguntza-sare bat izateko aukera izango balu", esan du. Hain zuzen ere, komunitate errukitsuen bidez betetzen dira horrelako beharrak.

"Komunitate errukitsuek espazio soziosanitario komunitarioa bultzatu nahi dute. Amaieraraino lagunduko digun zaintza-ekosistema bat ehuntzea", nabarmendu du.

Azaldu duenez, eskaintzen diren osasun irtenbideak edo gizarte zerbitzuetatik proposatzen dituztenak, “ez dira nahikoak pertsona baten bizitzan horren erabakigarria den une bati erantzuteko”. Bere ustez, “ezinbestekoa” da ere, “komunitateetatik laguntza eskaintzea, sostengu komunitarioa indartuz eta benetako laguntza sareak sortuz, hau da, ekintza publikoa komunitate ehunarekin lerrokatzea”.

Laguntza komunitarioaren adibide horietako batzuk dira, Del Riok esan duenez, "elkarri laguntzeko dolu-taldeak, sentsibilizazio-ekintzak, suizidioaren prebentzio komunitarioa, zainketa aringarrietako prestakuntza, death kafeak, oroitzapen-espazioak, dolu komunitarioa..."

"Ez dugu zertan hutsetik hasi behar"

"Ez dugu zertan hutsetik hasi behar", adierazi du EH Bilduko udal bozeramaileak, izan ere, Getxon, Galdakaon eta Gasteizen dagoeneko martxan daude hainbat esperientzia. Hori bai, esperientzia horiek "Bilboko errealitatera egokitu beharko liratekeela", zehaztu du.

Hasteko, auzo batean plan pilotu bat abian jartzea defendatu du, ondoren auzoz auzo martxan jarriko litzatekeen plan operatibo bat garatzeko. "Proposatzen dena da aurreko adibideetako esperientziekin jarraitzea eta analisi kolektiborako espazio komunitarioak eraikitzea", gaineratu du. 

Horretarako, "garrantzitsutzat" jo du auzoetan horrelako lanak egiten dituzten agenteak eta haien artean dituzten harremanen mapeoa egitea. Bigarrenik, bere ustez, "funtsezkoa" da herritarrek horri buruz dituzten pertzepzioak ezagutzea

Del Riok lortutako akordioa "abiapuntu ona" dela adierazi du, eta horretan "sakontzen jarraitu beharko dela” gaineratu du, “bai ingurune komunitarioak bultzatzeko, bai gobernantza-modu berrietatik ikasten jarraitzeko".

Hori dela eta, EH Bilduk proposamena erralitate bihurtzeko lan egiteko konpromisoa hartu du, Bilbo bizitzaren azken etapetan ere zaintzen duen hiria dela esan ahal izateko".

 

Bilbon, 2026ko maiatzaren 28an.