AKTUALITATEA


| 2026-05-26 10:27:00

Bilboko ikastetxeak berrantolatzerako orduan ematen ari den "komunikazio eta gardentasun faltaren aurrean”, Bilboko EH Bildu udal taldeak Bilboko Udalari eskatu dio lan mahai sektorial bat sor dezala, hezkuntza komunitateen, auzoetako eragileen eta Eusko Jaurlaritzaren presentziarekin.

Maria De Riok, EH Bilduren Udaleko bozeramaileak, maiatzeko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den proposamen horren berri eman du gaur, Ikoitz Arrese legebiltzarkidearekin batera egindako prentsaurrekoan.

Arresek azaldu duenez, egungo hezkuntza-errealitatea oso desberdina da duela hamar urtekoarekin alderatuta, batez ere hiru faktorerengatik: jaiotza-tasaren beherakada; migrazio-fluxu handiagoak, ikasleen behar berezi gehiagoren detekzioa; eta digitalizazioa.

"Horrek guztiak eskola-mapa berrantolatzeko beharra planteatzen digu", adierazi du. Prozesuaren konplexutasunaz jabetuta, EH Bilduren eskutik, 2025eko otsailean Eusko Legebiltzarrean prozesu hori inplikatutako sektore guztien elkarlanaren bidez gauzatzeko adostasuna lortu zela azaldu du, "eta horrek, zalantzarik gabe, udalen parte-hartze zuzena eskatzen zuen".

Hala ere, akordio hori ez dela betetzen adierazi du. Horren ordez, bere esanetan, Hezkuntza saila "eskolak itxi, lekuz aldatu eta bat egiten ari da, presaka eta korrika, gardentasunik gabe eta informaziorik eman gabe; ikuspegi pedagogikotik baloraziorik egin gabe, eta hezkuntza-komunitateen beharrak kontuan hartu gabe”.

Bilbon, Arresek eta Del Riok adibide gisa aipatu dituzte Deustuko ikastola eta eskola publikoaren bat-egitea, eta Iralako Tomas Camacho eta Iturrigorri Peñaskaleko José Orbegozo Gorostidi ikastetxeak itxi izana, baita Txurdinaga Behekoa batxilergo artistikoa lekualdatzea ere, besteak beste.

Hiriko beste hezkuntza zentro batzuk ere euren etorkizunarekin arduratuta daudela aipatu ondoren, erabaki horiek familia, ikasle eta irakasleengan sortzen duten "kezka eta ziurgabetasuna" aipatu dute Arresek eta Del Riok, eta kasu batzuetan protesta publikoak ere eragin dituztela gaineratu dute.

“Udal Gobernua ikusle pasiboa”

Hori guztia gertatzen ari den bitartean, Udal Gobernua “beste alde batera begiratzen ari dela”, esan du Del Riok, “prozesuetan parte hartu gabe, ikusle hutsa izango balitz bezala, nahiz eta itxiera, lekualdatze eta fusio horiek gure hezkuntza komunitateetan eta auzoetan duten inpaktua itzela izan:  zerbitzu publikoetan galera, komunitateen desegitea, ikastetxeen izaera dinamizatzailea bertan behera geratzea…”

Egoera horri buelta emateko asmoz, EH Bilduk mahai sektorial hori sortzea eskatu du, Del Rioren arabera, "udal erakundeen inplikazioa bilatzeko helburuarekin, ez soilik erantzun erreaktibo gisa, baita inplikatutako eragileak modu eraikitzailean bildu ahal izateko ere".

Haren ustez, "premiazkoa da gertatzen ari den gardentasun faltarekin amaitzea", eta, horretarako, "neurriak ahalik eta modu kolektiboenean hartzea lehenetsi behar da, eta ez gauzatutako gertakarietan oinarrituta". "Horrela egin ezean, tentsioak etengabeak izango dira", gaineratu du.

EH Bilduko udal bozeramaileak gogorarazi du Udalak orain arte izan dituen tresnek, Udal Eskola Kontseiluak, esaterako, ez dutela "funtzionatu". Horregatik, beharrezkotzat jo du beste tresna bat sortzea, hala nola alderdi subiranistak proposatutako mahai sektoriala.

"Helburua argia da; zurrumurruekin amaitzea eta hartzen diren erabakiei gardentasuna ematea, ordena, aginte eta gauzatutako egitateen logikarekin amaituz, horrela hezkuntza komunitateak ahaldunduz", amaitu du.