Maria del Rio eta Nerea Undabarrena EH Bildu Bilboko udal taldeko bozeramailea eta zinegotzia, hurrenez hurren, pozik agertu dira, alderdi soberanistaren ekimenez, "Bilbok hezkuntza erdigunean jartzeko aurrerapausoak emateko hiru akordio garrantzitsu lortu direlako". Ildo horretan, iragarri dute Bilboko Udalak 2025ean hezkuntza plan estrategikoa egingo duela hiriak hezkuntzaren alorrean dituen erronkei erantzuteko, hezkuntza-ekosistemarekin eta udal-sailekin lankidetzan.
Era berean, 0 eta 3 urte bitarteko haurrei eta haien familiei zuzendutako espazio bat jarriko da abian, teknikarien laguntzarekin, guraso-, emozio-, hezkuntza- eta harreman-gaitasunak garatzeko helburuarekin. Azkenik, adineko pertsonek egindako eskaeretan oinarritutako prestakuntza-baliabide berriak eskainiko dira barrutietan. Gobernu taldeak eta EH Bilduk adostutako hiru zuzenketa onartu ostean jarriko dira martxan ekimen horiek, alderdi soberanistak aurkeztutako mozioen harira.
Plan estrategikoa
Maria del Riok adierazi du hezkuntzaren erronkei erantzuteko plan estrategiko bat onartzea "lehentasunezko gaia" dela Bilborentzat. "Espero dugu plan honek eskola-bideen, eskola-inguruneen eta eraikinen beharrei modu integralean erantzuteko balio izatea, zeharkako ikuspegi batekin, eta udal-gobernuak modu proaktiboan lan egitea, hezkuntza hiriko gobernantzaren ardatz izan dadin", azaldu du.
"Eskolen eragina gaur egun hormetatik haratago doa, auzoak dinamizatzeko guneak baitira", adierazi du. Horrela, azaldu duenez, "beharrezkoa da eskola-bideak, eskola-inguruneak eta ikastetxeak (jolastokietatik instalazioetara) osotasun gisa pentsatzea: erabilerak birplanteatzea (balio-aniztasuna sustatuz), ingurune berdeak indartzea, haurren autonomia sustatzen dituzten bide seguru eta hurbilak lantzea, bizikidetzarako eta jolaserako ingurune atseginak sortzea, komunitatearekin lotutako espazioak irekitzea eta, zelan ez, beharrezko obrak bermatzea".
Horregatik guztiagatik, esan duenez, Plan estrategiko bat garatzeko "beharra" dago, "udal sail guztiak barne hartuko dituena". "Egin beharreko ekintzak eta obrak planifikatu eta antolatu behar dira, horren ardura duten sailak identifikatu eta horiek egiteko datak zehaztu", esan du. "Hain garrantzitsua den gai bat ezin da inprobisazioen edo kasu zehatzen presioen mende egon, plangintza orokor bat premiazkoa da", ohartarazi du.
Plan estrategiko hori gauzatzerakoan, Maria del Riok nabarmendu du "ezinbestekoa" dela "ikastetxe bakoitzeko hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea bermatzea: ikasleak, familiak, irakasleak eta ikastetxeko langileak, baina baita eskola-eragineko eremuetan mugitzen diren beste eragile batzuena ere, adibidez, merkatariak eta auzo-elkarteak". Izan ere, bere esanetan, plan estrategiko horrek "auzo osorako balio behar du, eskolen eragin-eremuak auzoak dinamizatzeko tresna bihurtzeko".
0-3 urte bitarteko haurrentzako espazioak
Bestalde, Nerea Undabarrenaren ustez, albiste "ona" da 0 eta 3 urte bitarteko haurrei eta haien familiei zuzendutako espazio bat abian jartzea. Azaldu duenez, horretan, familiek denbora, jolasa eta sozializazio-espazioak partekatuko lituzkete 0-3 urte bitarteko haurrekin, eta, horrela, haurraren eta erreferentziazko figuren (kasu askotan aita edo ama) arteko lotura eta atxikimendua sustatuko litzateke, aldi berean komunitatea sortuz eta laguntzarako komunitate-egitura indartzen lagunduz.
Gaineratu duenez, espazio horiek 0 eta 3 urte bitarteko haurren hazkuntzarako garrantzitsuak diren gaiak lantzeko tailerrak egiteko aukera eskainiko dute, hala nola, seme-alaben eboluzio-unea ezagutzea, erritmo indibidualak errespetatzea eta gainestimulazioa saihestea, bai eta ongizate emozionalari heltzeko garrantzia ere, seme-alabekin lotura afektibo egokiak ezartzen lagunduko digutenak, haien hezkuntzan eta hazkuntzan inplikatuz.
Bestalde, zehaztu duenez, "pantailek gure bizitzan duten presentzia kontuan hartuta, gure seme-alabekin aisialdiaz modu kontzienteagoan gozatzeko tailerrak antola daitezke, pantailek burmuinaren garapenean izan ditzaketen ondorioak azalduz eta horiek erabiltzea saihesteko". "Proiektu hau baliabide unibertsal gisa planteatzen da, eta familia anitzeko testuinguruetara egokitzen da, hezkuntza-sistema komunitarioan txertatuta", azpimarratu du.
Adinekoentzako prestakuntza-baliabideak
Bestalde, EH Bilduko zinegotziak adierazi du, adinekoen eskarietan oinarrituta, barrutietan prestakuntza-baliabide berriak eskaintzea ere onartu dela.
Undabarrenak azaldu duenez, adinekoei zuzendutako zerbitzua da, eta bere intereseko edozein gairi buruzko informazioa, orientazioa eta prestakuntza eskaintzen du: bizikidetzarako alternatibak, okupaziorako alternatibak, erretiroa, bizialdi osoko ikaskuntza, aisialdia, kontsumoa, mendekotasun-egoeren aurreko laguntza, testamentua, bizi-testamentua, herentziak….
"60 urtetik gorako pertsonei beren bizi-proiektuei buruzko informazio eta orientazio pertsonalizatua ematea da helburua, baita bizitza osoa garatzeko eta gizartean parte hartzeko ekimen kolektiboak abian jartzeko edo sendotzeko laguntzak ematea ere", azaldu du.
Undabarrenak adierazi duenez, "ikaskuntza-prozesua ez da bizitzako une jakin batera mugatzen, pertsonaren bizitzan zehar luzatzen da", eta horrek, "jakina, ikasteko modu malguagoak ezartzea eskatzen du". Horrela, adostutako ekimenaren bitartez, "abiapuntua pertsonaren eskaria da, eta ez eskaintza; beharretatik abiatzen da, eta ez eskura daitezkeen ezagutzetatik".