AKTUALITATEA


| 2021-05-31 12:22:00

Asier Gonzalezek EH Bilduko zinegotziak salatu duenez, Udalaren lorezaintza kontratu berria, “ez da hain eraginkorra izango, garestiagoa izango da eta ez du zerbitzuaren gaineko kontrola hobetuko”. Kontratu horren berrikuntza nagusia bi ataletan banatzen dela, bata lorategien kontserbazioa eta bestea zuhaiztietan eta lorategietan oinarritua.

Aipatu atal horien araberako bereizketak parkeen kalitatea hobetuko duen txostenik ba ote dagoen galdetu du Gonzalezek, "gaur egungo hutsuneetan oinarritu beharko litzatekeena, halakorik baldin badago". Horrez gain, gaineratu duenez, ez da frogatu kontratu bikoitz berri honekin enpresa txiki eta ertainen arteko lehia erraztu nahi denik, "ohiko hiru enpresa handiak aurkeztu baitira".

EH Bilduren ustez, "banatzearen oinarriak arbitrarioak dira: aurrekontuan eta pertsonalean askoz ere lote handiagoa dago, eta beste sorta txikiago bat, zuhaiztiak kontserbatzekoa, txikiegia ez izateko lorontziak ere barne hartzen dituena". "A priori kostuak igo egiten dira, baina plantilla osoa ez da hazten", gaineratu du.

Asier Gonzalezek gogorarazi duenez, "atalka banatzeko aldaketa orain arte egindakoaren ebaluazioan oinarritu behar da, eta azterketa horretarako oinarri egokiak enpresak astero entregatu behar dituen lan-parteak dira".

Era berean, "azken lau hilabeteetako lan parteak aztertzeko" eskatu dio udal sailari, "egungo langileak, subrogazioaren menpe daudenak, loteka banatzeak gomendatzen dituen berezko zereginak betetzen ari diren jakiteko". "Orain arteko zeregin-banaketaren eta enpresa esleipendunak proposatu duen langile-zerrendaren artean desberdintasun argi bat balego, handitu egingo lirateke bereizketa hori proposatzeko funtsezko arrazoien inguruko susmoak edo zalantzak, eta egungo kontrataren kudeaketa zalantzan geratuko litzateke", gaineratu du.

Adibide bat jartzearren, orain arte, enpresak baliabide teknikoak eta giza baliabideak uztartzen zituen sega eta inausketa lanetarako, eraginkortasun handiagoa lortzeko asmoz. "Etorkizunean, enpresa bakoitzak bere langileak eta makina eta kamioiak erabili beharko ditu zeregin zehatzetarako, eta ezin izango ditu orain arte egin diren lanak bateratu", zehaztu du.

Edozein kasutan, koalizio subiranistako zinegotziak eskua luzatu du, aldaketak nahi diren emaitzak ematen ez baditu, eta garestiagoa eta eraginkortasun gutxiagokoa bada, "atalkako banaketa horren jarrera berriz aztertzeko eta hobeto nola egin aztertzeko".