AKTUALITATEA


| 2021-03-22 15:39:00

EH Bildu udal taldeak Bilboko Udal Gobernuari eskatu dio, pandemiak Bilboko merkataritzan (ehungintza, oinetakoak, liburu-dendak…) sortutako egoera ekonomiko larria kontuan hartuta, Bilbao Aurrera 2021 planaren barne, zuzeneko laguntzen lerro bat abian jarri dezala, hiriko establezimenduek jasaten ari diren galera ekonomikoak arintzen laguntzeko. 

Jone Goirizelaia bozeramaileak zehaztu duenez, laguntza horiek "salbuespenezkoak izango dira, eta beste erakunde publiko batzuek (Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak) ezarritako diru-laguntzen osagarri izango dira". Halaber, EH Bilduk proposatu du laguntza horiek inplikatutako sektoreekin eta Bilboko Udalean ordezkaritza duten eta Bilbao Aurrera plangintza sinatu duten talde politikoekin adostea. 

Ez da talde soberanistak laguntza zuzenak eskatzen dituen lehen aldia, izan ere, maiatzeko Osoko Bilkuran EH Bilduk Bilboko autonomo txikiei, merkataritzari eta ostalaritzari diru-laguntza zuzenak emateko mozioa aurkeztu zuen. "Momentu horretan, Udal Gobernuak atzera bota zuen gure proposamena, baina egia da beranduago berpentsatu zuela eta Bilbo Aurrera indartu zuela, ostalaritzari zuzeneko laguntzak emanez. EH Bildutik laguntza horiek beste sektore batzuetara zabaltzeko eskatu genuen, Bilboko merkataritzara, esaterako", gogorarazi du. 

Ildo horretan, Goirizelaiaren adierazi duenez, “espero dugu oraingoan ere akordio bat lortuko dugula, establezimendu guztiei  (ehungintza, oinetakoak, liburu-dendak…) laguntza zuzenak emateko eta horiek azkar iristeko, premiazkoa baita".