AKTUALITATEA


| 2022-02-18 10:07:00

EH Bilduk  Udal Gobernuari eskatu dio Udal Korporazioa osatzen duten talde guztiek parte hartuko duten batzorde bat osatzeko, Next Generation Funtsen inguruan proposamenak adosteko, lehentasunak ezartzeko eta Bilboko Udalak hauta ditzakeen Next Generation Funtsen jarraipena egiteko, funts horien kudeaketan gobernantza bateratua eta gardentasuna bermatze aldera. Eskaera hori otsaileko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozio baten bidez luzatu du alderdi soberanistak.

Jone Goirizelaiak, EH Bildu udal taldeko bozeramaleak, azaldu duenez, Europatik datozen laguntza horiek, “neurri handi batean, Bilbok lortu nahi duen hiri-eredua baldintzatu dezakete, ez bakarrik agintaldi baterako, baita hurrengo hamarkadarako ere”. Beraz, haren ustez, “ezinbestekoa” da proiektu batzuen edo besteen finantzaketa “etorkizuneko ikuspegiarekin definitzea, berehalakotasuna eta ikuspegi partzialak gaindituz”.

Horregatik, Goirizelaiaren esanetan, “Europako funtsek korporazioa osatzen dugun talde guztion arteko elkarlana eskatzen dute; kogobernantza-lana, askotariko proposamen eta hausnarketak mahai gainean jarri, kontrastatu, eztabaidatu eta horiei buruzko lehentasunak adostu ahal izateko”.

Era berean, adierazi duenez, horretarako sortutako batzordeak “aukera eman behar du hautatutako eta finantzatutako proiektuen jarraipena egiteko eta, hala badagokio, beharrezkotzat jotzen diren gizarte-eragileen ordezkaritza eta lankidetza” izatea (enpresa-eragileak, sindikatuak, hirugarren sektorea, baita elkarte-sarearen ordezkariak ere).

Goirizelaiaren aburuz, “eztabaida hau ez da udal gobernu kideen artekoa izan behar, eta haratago joan behar da”. Europako funtsen ezarpenari buruzko lana “gardentasunean eta partaidetzazko gobernantzan oinarritu behar da, Bilbao Plan Aurreraren gobernantza-ereduaren esperientziaren antzera; plan hori  elkarlanean oinarritzen baitzen, salbuespenezko egoera bati erantzuteko”, nabarmendu du.

Horregatik, adierazi duenez, “beharrezkotzat jotzen dugu berehala espazio iraunkor bat sortzea, udal-erakundeetako zuzendaritza-kontseiluen eremua gaindituko duena, eta funts horien erabilera ikuspegi global eta orekatu batekin egitea helburu izango duena”.