AKTUALITATEA


| 2020-05-15 10:53:00

Bilboko Udal Gobernua ostalaritzaren irekiera mugatuaren kudeaketan erakusten ari den "aurreikuspen falta, presak eta inprobisazioa" kritikatu ditu EH Bildu Bilbo udal taldeak.

“Lakuatik eta Bilboko Udaletik heldutako astebeteko interpretazio, agindu eta kontra aginduek, ostalaritzaren alde egin beharrean, estresa, arriskua eta ezinegona eragin dute sektorean”, adierazi du. Era berean, EH Bilduren ustez, “alerta eta babesgabetasun egoera bat sortu da herritarren artean, terrazen emakida eta zabaltze permisiboegiak emateari buruz igorritako mezuengatik”.

Horren harira, EH Bilduk Udal Gobernuari galdetu dio ea terrazak ireki aurretik ostalarien elkarteekin eta auzo elkarteekin elkarrizketarik eta kontrasterik izan den. "Arrisku egoera ezberdinak eta irtenbide egokiak aurreikusteko bildu diren jakin nahi dugu", adierazi dute alderdi subiranistatik. Era berean, "auzokideek modu seguruan eta kontsumitzeko betebeharrik gabe zirkulatzeko duten eskubidea" kontuan hartu behar dela gogorarazi du.

EH Bilduk terraza duten eta 1. fasean berriro irekitzea erabaki duten establezimenduen kopuruari buruzko informazioa eskatu du, terraza handitzea eskatu duten establezimenduen kopuruari buruzkoa eta baimen berria eskatu duten establezimenduen kopuruari buruzkoa, izan ere, "eskaeren oldeak Udala berme gutxirekin jokatzera eraman dezake".  

EH Bilduk gogorarazi duenez, COVID-19tik eratorritako krisiaren testuinguru honetan, Bilboko merkataritza txikia eta ostalaritza oso kaltetuak izan dira, eta, horregatik, "sektoreari laguntzeko neurriak hartzea defendatu dugu, adibidez, jarduera ekonomikoa sustatuz", baina "premisa argi gisa ezarri behar dira osasun segurtasuna, eskubide berdintasuna eta herritarren pedagogia".

Prebentzio-lana

Ildo horretan, EH Bilduk berretsi du beharrezkoa dela "arau kontrajarrietatik eta zigorretatik harago, Udalak prebentzio-lana egitea, jardunbide txarrak, tentsio egoerak eta itxaropen faltsuak saihesteko". Bere ustez, "terraza bat ireki edo zabaldu ahal izateak ez du ostalaritzak jasan duen kolpea konpontzen”. Gainera, Bilboko establezimenduen tipologia askotarikoa dela gogorarazi du, eta "taberna, kafetegi edo jatetxe askok agian ezin dutela edo ez dutela terrazarik instalatu nahi".

Bestalde, EH Bilduk Udal Gobernuari galdetu dio ea ebaluatu duen baimen bereziek legea urratzen ote duten Espazio Publikoaren Ordenantza urratzeagatik, eta ea tresna egokiak aurreikusi diren balizko errekurtsoak kudeatzeko. 

"Ostalaritza eta terrazak ireki ahala, egoera erregulatzen saiatzeko herritarren segurtasunerako zein dispositibo diseinatu den" ere galdetu du EH Bildu udal taldeak.

EH Bilduren arabera, "taberna eta denda askok premiaz ireki behar izan dute, lokalak egokitzen ahaleginduz, eta beste batzuek ezin dute oraindik irekitzea planteatu". Hori dela eta, txikizkako sektorearentzako diru-laguntzen garrantzia azpimarratu du alderdi subiranistak, "berme guztiekin negozioak berriro irekitzea posible ez den bitartean".  

Ostalariei gutuna

Bestalde, Udal Gobernuak ostalariei bidalitako gutunari dagokionez, EH Bildu Bilboren ustez, “ez da bidezkoa Udal Gobernuak bere ardura saihestu eta tabernariei egotzi nahi izatea, kartaz eta zigor bidez, are gutxiago sektore honek zelako kolpea jaso duen kontuan hartuta”.

“Dagoen ziurgabetasun juridikoa ikusita, arazoak aurreztea, pedagogiaz jokatzea eta herritarren eta tabernarien eskubideak eta interesak kontuan hartzea tokatzen da. Udalak, presa gabe eta aurretik kontsentsuak bilatuz erregulatu behar luke eremu publikoaren erabilpena”, nabarmendu du.