AKTUALITATEA


| 2021-05-04 13:21:00

EH Bildu Bilbok salatu duenez, Eurokoparen gaian Udal Gobernuak izan duen "aurreikuspen faltaren eta kudeaketa txarraren" ondorioz bilbotarrok "diru publiko asko galdu dezakegu, gainera, bilbotarron beharrak inoiz baino gehiago diren une kritiko honetan".

Jone Goirizelaiak, EH Bilduren bozeramaleak, adierazpen hauek egin ditu gaur Herritarren Segurtasunaren Saileko zinegotzi ordezkariak, Amaia Arregik; Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzi ordezkariak,  Xabier Otxandianok, eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi ordezkariak, Alfonos Gilek,  Bilbon Eurokoparen prestaketaren egoeraren berri emateko egindako agerraldian. 

Bertan, Goirizelaiak Gobernu taldeak Eurokoparen inguruan egindako kudeaketa  kritikatu du. Hori horrela, Otxandianori galdetu dio ea martxoan Udal Gobernuak ez zuen txostenik egin Eurokopako partidak publikorik gabe hartzearen eragin ekonomikoari buruz, izan ere,  “publikorik gabeko futbol-partidek Bilbo marka bultzatzeko balioko luketela argudiatzeak ez digu balio". "Bilboren eta Euskal Herriaren nazioarteko ze proiekzioa islatu nahi zuen Udal Gobernuak Espainiak jokatzen duenean?", galdetu du. 

Halaber, gogorarazi du Udal Gobernuak bi milioi euroko kontratuak esleitu dituela eta 1,3 milioi euro gastatu dituela, Eurokopari dagokionez. "Zer gertatuko da diru horrekin? Nork ordainduko die kalte-ordaina kontratuak esleituta dituzten enpresei?", galdetu du. 

Era berean, Goirizelaiak esan du orain prozesu judizial bat hasiko dela eta, ildo horretan,  Udal Gobernuari galdetu dio barne ala kanpoko zerbitzu juridikoak erabiliko dituen. "Zenbat kostatuko zaizkigu zerbitzu horiek bilbotarroi?", galdetu du. 

Nolanahi ere, Goirizelaiaren arabera, “kudeaketa kazkar horretatik Udal Gobernuak dirua berreskuratzea lortzen badu, diru hori ekonomia eta gizartea suspertzeko erabili behar da Bilbao Aurrera Planaren bidez, bilbotarrei laguntzeko, hain zuzen ere”. 

"Espero dugu UEFAk eman digun tratu txar honek begiak irekitzeko eta hiriko ekitaldiak beste ikuspegi batetik pentsatzeko balio izatea. Xabier Otxandianok behin hitz egin zuen areto honetan ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-arloko ekitaldi jasangarrietan lan egiteari buruz. Denetik ikasten da, nahi izanez gero, eta gertatutakoak zerbaitetarako balio dezala eta ekitaldien estrategia alda dadila espero dugu", azpimarratu du.

Sevillako partida aurretik Bilbon izandako istiluen inguruan, Goirizelaiak aurreikuspen falta kritikatu du, eta segurtasun itunean jasotako protokoloak martxan jarri behar direla esan du; izan ere, prebentzio lanak egiteko, antzeko gertaerak errepika ez daitezen.