AKTUALITATEA


| 2023-02-17 12:28:00

EH Bildu udal taldeak Bilboko Udaleko publizitateak eta kanpaina instituzionalek gorputzen aniztasuna sustatzea eskatu du, emakumeen eta gizonen askotariko profilak erakutsiz. Era berean, udal-finantzazioa jasotzen duten eta publizitatearekin, moda-desfileekin, hiriaren sustapenarekin eta irudiarekin lotuta dauden jardueretan, gorputz-aniztasun hori kontuan hartzea eta balioan jartzea  eskatzen du. Horrela, otsaileko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozio bat aurkeztu du alderdi soberanistak.

Bruno Zubizarretak, EH Bilduko zinegotziak, azaldu duenez, “historian zehar, gorputzen edertasun estandarrak aldatzen joan dira, baina ez estandar horiek pertsonengan sortzen duten presioa”. “Gorputzaldi disidenteek eta gure gorputzaren aldaketek adinarekin, janztearekin edo modarekin sorrarazten duen presioak emakumeengan zein gizonengan osasun arazoak sortu ahal ditu”, gaineratu du.

Ildo horretan, azaldu duenez, desberdina denari buruzko araugintzak eta estigmak “zuzeneko ondorioak izan ahal dituzte osasunean, elikadura-jokabidearen nahasmenduak edo osasun mentaleko arazoak eragin ahal dituztelako, eta adinak gorputzean duen eragina aurreiritzi diskriminatzaile nagusietako bat bihurtzen da”.

Horregatik, bere ustez, “garrantzitsua” da erakundeetatik eta Bilboko Udaletik, “aniztasuna balioan jartzea eta publizitate-kanpaina bakoitzean, udal-webgunearen edukietan eta gure erakundearekin lotuta garatzen diren jarduera desberdinetan profil aniztasun hori erakustea”.

“Ezinbestekoa da ohartaraztea kulturan, irudi publikoan, sentsibilizazio-kanpainetan eta mota guztietako ekitaldietan askotariko erreferenterik ez daukagula. Adin, tamaina eta gorputz-forma guztien irudikapenak duen eraginaz jabetu behar gara eta, administrazio gisa, aniztasuna goraipatu eta bermatu behar dugu”, nabarmendu du.

Zubizarretak gogorarazi duenez, Bilboko Udalak honek etengabe kanpaina instituzionalak egiten ditu, eta modarekin eta merkataritzarekin lotutako jarduerak garatzen dituzten erakunde sozial eta komertzialekin lotura du. “Beraz, proiektu horiek garatzerakoan bermatu behar du gorputzen aniztasuna zaintzea eta balioan jartzea. Gorputz-aniztasunak osasun publikoaren zaintzaren parte izan behar du”, adierazi du.