Tokiko merkataritza babeste aldera, saturazio handiko guneetan 'souvenir' salmentarako establezimenduak mugatzeko neurriak aztertu eta inplementatu ditzala eskatu du EH Bildu udal taldeak ekaineko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozio baten bidez.
Karlos Renedok, Bilboko Udaleko EH Bilduko zinegotziak, azaldu duenez, azken urteetan souvenir dendak biderkatu dira Bilbon, bereziki hiriko hainbat zonaldeetan, Alde Zaharrean kasu. Establezimendu horiek "ez diotela inolako ekarpenik egiten auzoko ehun komunitarioari" adierazi du, "ezta auzokideen behar indibidual zein kolektiboari".
Alta, bere esanetan, eguneroko behar basikoak asetzen dituzten saltokietan "eragin negatiboa" dute: "lokal komertzialen garestitzea, balio-erantsi gutxiko lanpostuak, establezimenduak gutxi batzuen eskuetan gelditzea edota homogeneizazio kulturala inposatzea, besteak beste". Era berean, auzokideek ohikoak zituzten ibilbide komertzialen desagerpena ere suposatzen du.
Gauzak horrela, bide desberdinak bilatuz, hainbat udalerriek fenomeno horren hedapena baretzeko neurriak hartu dituztela esan du Renedok. Esate baterako, Bartzelonan, 2008an, gaiari heltzen zion lehenengo plana indarrean jarri zen.
Hortaz, EH Bilduk udal gobernuari eskatu dio merkataritza saltokien erabilera-aniztasuna babesteko beharrezkoak diren arau-aldaketak egin ditzala.