AKTUALITATEA


| 2025-06-10 11:13:00

Edurne Benito del Vallek, EH Bilduko legebitzarkideak, eta Karlos Renedok, Bilboko Udaleko zinegotziak, etxebizitza, Euskal Herrian eta baita Bizkaian ere, larrialdi sozial bilakatu dela adierazi dute, herritarron kezka nagusienetakoa bihurtuz. Egoera horretan, EH Bilduren ustez, "merkatua ez da bera bakarrik erregulatuko, eta alternatiba sektore publikoak merkatu immobilarioan esku hartzea da". 

Horrela, lau jarduera-ildo nagusi proposatu ditu EH Bilduk eta horien berri eman du Karlos Renedok. Azaldu duenez, alde batetik, EH Bilduk alokairuko etxebizitzen parke publikoa handitzea proposatzen du, betiere babestutako etxebizitzak enpresa publiko indartsu baten bidez sustatuz eta inbertsiorako funts publiko bat sortuz. Bestalde, ezinbestekotzat jotzen du alokairuaren prezioa mugatzea, abusuak saihesteko eta maizterren eskubideak bermatzeko. Hirugarren neurria hutsik dauden milaka etxebizitzak alokairu eskuragarrirako mobilizatzean datza. Eta, azkenik, etxebizitza turistikoak mugatzea proposatzen du alderdi soberanistak. 

Renedok eta Benito del Vallek proposamen horiek azaldu dizkiete gaur komunikabideei, neurri horiek jasotzen dituen dokumentua herritarren artean banatu ondoren. EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, "guztiok behar dugu bizitzeko sabai bat, eta gutxi batzuk behar horretaz baliatzen ari dira neurriz kanpoko prezioak jartzeko salmenta zein alokairuetan". 

Prezio horiek, Benito del Valleren esanetan, "gazteak emigratzera eta beren bizi-proiektua ezin garatzera kondenatzen  dituzte". "Egoera horrek biztanleriaren zati handi bati eragiten dio, eta egunero etxegabetze isilak ematen ari dira", nabarmendu du. Ildo horretan, gogorarazi du atzo bertan adingabeak zituen familia bat etxetik bota zutela Zurbaranbarrin. Halaber, etxebizitza eskuragarririk ez izateak "beste sektore ekonomiko batzuen garapenari eragiten" diola ohartarazi du. 

"EAJ-PSEren politikek porrot egin dute" 

Benito del Vallek adierazi duenez, "bizitegi-larrialdi egoera bizi dugun une honetan, EAJ-PSEren proposamena kontrako norabidean doa". "Hamarkadetan martxan jarri izan dituzten politikek porrot egin dute, 10 urte igaro dira euskal etxebizitzaren legea onartu zenetik, eta ez da ezer egin", azpimarratu du. Ildo horretan, ziurtatu du konponbidea ez dela "eraikuntza enpresek egiten diguten xantaiari men egitea". 

"Etxebizitza publikoaren estandarrak murriztea kontraerreforma bat da. Zenbat eta etxebizitza babestu gutxiago, orduan eta etxebizitza eskuragarri gutxiago", ohartarazi du. 

Egoera horren aurrean, Karlos Renedok esan du EH Bildurentzat "etxebizitzaren arazoa lehentasuna" dela. Hori dela eta, "EAJ eta PSEren politika neoliberal eta kontrareforma honen aurrean, EH Bildun propositiboak gara, izan ere, gaur  anbizio handiko neurriak hartzen baditugu, etorkizuneko egoera aldatzea lortuko dugu".

"Egoera larria da eta arduraz jokatu behar da. EAJk eta PSEk politika ausartak eta arduratsuak ezartzeko eta etxebizitzaren merkatuan beharrezko esku-hartzea egiteko duten borondate faltaren aurrean, EH Bildurentzat lehentasuna duen gaia da, ausardiaz eta anbizioz heldu beharrekoa", azpimarratu du.