AKTUALITATEA


| 2025-06-13 11:22:00

Bilboko eskolen egoera ez da ona eta, ondorioz, behin baino gehiagotan hezkuntza komunitate osoaren segurtasuna arriskuan jarri da. Egoera horri konponbidea emateko helburuarekin, EH Bilduk irtenbide integralak, planifikatuak eta beharrezko baliabideak dituztenak eskatzeko mozioa aurkeztu du ekaineko osoko bilkuran. Era berean, beste proposamen batean, alderdi subiranistak kirol-instalazioak hobetzea edo berriak sortzea eskatu du, herritarren eta kirol-kluben eskaerei erantzuteko. 

Gaur eskainitako prentsaurreko batean, Nerea Undabarrena eta Patxi Xabier Fernandez EH Bilduko zinegotziek Bilboko hezkuntza eta kirol erabilerako ekipamenduen egoera hobetu nahi duten ekimen horien berri eman dute. 

Undabarrena "kezkatuta" agertu da Bilboko eskola batzuk bizitzen ari diren egoerarekin, "Udal Gobernuak plangintza eta mantentze egokirik egin ez duelako". EH Bilduko zinegotziak hainbat adibide aipatu ditu, horien artean Atxuriko eskolarena. 

Ildo horretan, gogorarazi duenez, 2019an Atxuriko eskolako leihate bat erori egin zen ikasleak bertan zeudela. "Premiazko ikuskapen batek leiho guztien egoera txarra agerian utzi zuen. Horiek aldatzeko 2 milioi euroko finantziazioa lortu ondoren, laguntza hori galdu egin zen lizitazioan atzerapenak eman zirelako. Azkenean, leiho bakarra aldatu zen", azaldu du. 

2024an, esan duenez, "teilatuko erlaitz-zati batzuk ikastetxeko patiora eta kaleko espaloira erori ziren, ikasleak eta gainerako oinezkoak arriskuan jarriz". "Suhiltzaileen txosten baten ondorioz, ikasturte honetan premiazko konponketa lanak egiten ari dira, horrek eragiten dituen albo-kalteekin", esan du. Hala ere, Undabarrenak adierazi duenez, "duela astebete, berriro ere, eraikineko hainbat elementu eskolako patiora erori ziren, eskola-komunitate osoaren segurtasuna beste behin jokoan jarriz". 

Atxuriko eskolaren kasuaz gain, Undabarrenak gogorarazi du "Santutxuko Luis Briñas eskolan ez zela ezer egin erlojuaren dorreko plaka erraldoi bat erori arte", eta, Errekaldeko Gabriel Aresti eskolan ere, ez direla beharrezkoak diren lanak egiten nahiz eta luiziak egon eta instalazioen egoera txarra izan. 

"Hauek adibide batzuk besterik ez dira. EH Bildun arduratuta gauden bitartean, eskolak ez dira Udal Gobernuaren lehentasuna", adierazi du. Hori dela eta, EH Bilduk eskatu du Udal Gobernuak Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 33 ikastetxeen eta Bilboko Udaleko Hezkuntza Sailaren menpe dauden 16 haurreskola publikoen ikuskapen tekniko planifikatua egin dezala eta, ondorioz, beharrezko konponketak egiteko egutegi bat ezar dezala. 

"Bilboko ikastetxe asko eraikin historiko babestuak dira, eta ezinbestekoa da mantentze-lan egokiak egitea haien balio historikoa eta, bereziki, hezkuntza-komunitatearen segurtasuna bermatzeko", azpimarratu du. 

Kirol instalazioak 

Bestalde, Patxi Xabier Fernandezek azaldu duenez, bere proposamenarekin,  maiatzeko Osoko Bilkuran onartutako emendakin bati jarraipena eman nahi diogu, emendakin horren helburua baitzen Bilbao Kirolak-ek eskaera ezberdinei ematen dien erantzuna hobetzea. Horretarako, proposamen zehatzak aurkeztu ditu EH Bilduk, kirol ekipamenduak hobetzeko, pertsona eta klub erabiltzaileen mesedetan. 

Lehenik eta behin, EH Bilduk San Inazio kiroldegian futbol 7ko zelai berria eraikitzea eskatu du. Fernandezek azaldu duenez, gaur egun, auzoan futbol-zelai  bakarra dago, nahiz eta gero eta kirol talde gehiago,  batez ere emakumezkoenak. "Izan ere, 30 ekipo inguruko ia 600 pertsonek erabiltzen dute zelaia gaur egun, eta, beraz, beharrezkoa da eskatzen dugun instalazioa izatea", azpimarratu du. 

Bigarrenik, alderdi soberanistak Zorrotzako kiroldegian aldagela berriak egiteko eta bertako klubentzat lokal berri bat jartzeko eskatu du. "Hasierako proiektuan sei aldagela egitea aurreikusten zen, baina azkanean lau baino ez ziren egin, eta, beraz, ez dira betetzen pertsona eta klub erabiltzaileen beharrak", adierazi du Fernandezek. Gainera, azaldu duenez, "lokal berriak Zorrotza FCk zelaitik gertu espazio bat izateko aukera eskainiko luke". 

Bestalde, zehaztu duenez, Txurdinagako kiroldegiko hockey-pistaren erabiltzaileak asko dira, eta "espazioak behar dituzte beroketa-ariketak egin ahal izateko". "Hain zuzen ere, egungo pabiloiaren ondoan, ia erabiltzen ez den espazio bat dago, helburu horrekin gaitu daitekeena", adierazi du.

Azkenik, EH Bilduk Errekaldeko kiroldegian futbolerako zein errugbirako beroketa ariketak egiteko gune bat prestatzea proposatu du, talde askok entrenatu eta jokatu behar dutelako. Futbol-zelaiaren irisgarritasuna hobetzea eta jendearentzako bainugela bat jartzea ere eskatu du.