AKTUALITATEA


| 2022-06-20 12:28:00

EH Bildu udal taldeak, ekaineko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozio baten bidez, Bilboko Udalari eskatu dio, auzoz auzo, jaietan emakumeen aurkako indarkeria saihesteko prozesuak sustatu ditzala. Proposamenaren helburua da, Emakundek argitaratu duen gida baliatuz, Bilboko Udala jai-batzordeekin, ostalariekin eta oro har Bilboko jai-ekitaldien antolaketan parte hartzen duten eragile guztiekin elkarlanean aritzea, mugimendu feministaren eskutik. Horren berri eman dute gaur prentsaurrekoan Jone Goirizelaiak eta Alba Fatuartek, EH Bilduko zinegotziek.

Goirizelaiak eta Fatuartek gogorarazi dutenez, COVID-19 pandemiaren ondoriozko murrizketekin bi urte igaro ondoren, itzuli da kaleko aisialdiaz eta herri, hiri eta auzoetako jaiekin gozatzeko aukera. Era berean,  ohartarazi dutenez, azken datuen arabera, sexu askatasunaren aurkako delituen salaketek gora igo egin dute nabarmen eta, Bizkaian, zehazki, 2022ko lehen hiruhilekoan, iaz epe berean jasotako salaketak baina %34 gehiago izan dira aurten.

Testuinguru horretan, haren ustez, “ezinbestekoa” da jaietan emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzeko lan bat egitea, eta “lan hori udalek, jai-batzordeek, ostalaritzak, txosnek eta hiriko jai-ekitaldiak programatzen dituzten kolektibo guztiek egin behar dute, mugimendu feministaren eskutik”.

EH Bilduko zinegotziek zehaztu dutenez, Bilboko kasuan, “ez gara zerotik abiatzen”; izan ere, azken urteotan “indarkeria matxista saihesteko eta horri erantzuteko protokoloak osatu dira, bai Aste Nagusiaren testuinguruan, Bilboko Konpartsen lanari esker; eta baita auzoetako jaietan ere, jai-batzordeek mugimendu feministarekin elkarlanean egindako bideari esker”. Hala ere, adierazi dutenez, “errealitatea da horrelako protokoloak ez direla Bilbon antolatzen diren jai-espazio guztietan garatu, eta, gehienak, prebentziora baino, erantzunari bideratuta daudela”. “Gainera, maiz ikusten duguna da, emakumeek bakarrik jardun dutela protokolo hauek lantzen eta garatzen”, gaineratu dute.  

Ildo horretan, Goirizelaiaren eta Fatuarteren esanetan, “argi izan behar dugu ez dagokiela emakumeei bakarrik eraso hauek saihestea”. “EH Bildutik egiten dugun hausnarketa da indarkeria matxistako egoerak identifikatu, aurre egin eta salatzeko tresna gehiago eta hobeak behar ditugula; eta lan horretan herritar guztiok jardun behar dugu, baina erakundeek ardura berezia dute”, nabarmendu dute.

Hori dela eta, EH Bilduren zinegotzien ustez, jaiak berriz itzuliko diren honetan, “beharrezkoa da lan hori dagoeneko abiatu den espazioetan indartzea eta, aldiz, oraindik egiteke dagoen lekuetan, sustatzea”. “Helburu horrekin ekaineko udalbatzarrera proposamena aurkeztu dugu”, esan dute.

“Jaiak askatasunez eta guztiak errespetatuz gozatzea nahi dugu, baina horretarako, beharrezkoa da erakundeek indarkeria matxista saihesteko politikak indartzeko konpromisoa hartzea, jai-espazio inklusiboak eta indarkeriarik gabekoak sortzeko baldintzak bermatzeko”, nabarmendu dute.