AKTUALITATEA


| 2021-05-27 09:33:00

Bilboko Udalak hirian dauden banku erakunde laguntzaileei eskatu die beren bulegoetan leihatila zerbitzua eman dezatela, eguneroko ordutegietan, bezeroei arreta egokia emateko, behar dituzten banku-izapide guztiak egin ahal izan ditzaten. EH Bilduk aurkeztutako mozio baten ondorioz, alderdi soberanistak eta gobernu taldeak egindako zuzenketa onartu ostean adostu dute akordioa.

Jone Goirizelaiak, EH Bilduren Bilboko bozeramaileak, adierazi duenez, akordio "garrantzitsua" da, izan ere, bilbotarren "bozgorailua" izango da Udala, herritarrak egiten ari diren aldarrikapen hori finantza erakundeei helaraziko dietelako.

“EH Bilduk oin bat kalean dugu, eta beste bat erakundeetan; horregatik, Bilboko hainbat auzotako herritarrek eta Pentsionistak Martxan eta Kutxabank Publikoa plataformek aspalditik egiten ari diren eskaera ekarri dugu osoko bilkurara", adierazi du.

Jone Goirizelaiak esan duenez, banketxeak bulegoak sistematikoki ixten ari dira eta horrek kalte handiak eragiten ditu herritarrengan, batez ere adinekoengan; izan ere, askotan, ilara handietan itxaroten egon behar izaten dira banku-zerbitzuak eskuratzeko edota beste auzo batera joan behar dira arreta presentziala jasotzeko.

Era berean, Arangoitiko kasua aipatu du adibide gisa; sukurtsalik gabe geratu baita, eta horrek "kalte handiak eragin ditu auzoko 5.000 bizilagunengan, tokiko merkataritzan eta ostalaritzako lokal txikietan". Gainera, kontuan hartu behar da auzoaren irisgarritasun eskasak egoera okertu egiten duela.

Goirizelaiaren ustez, "zuzeneko arretaren desagerpena bereziki kezkagarria da ohiko banku-harremanak ez dituzten errenta txikieneko kolektiboentzat, besteak beste, gero eta zailagoa egiten zaielako eskudirua jasotzea".

Hori dela eta, akordio “positiboa” dela adierazi du EH Bilduk. "Guztion artean banketxeak presionatu behar ditugu aurrez aurreko arreta bermatzeko", gaineratu du.