AKTUALITATEA


| 2022-01-25 11:47:00

EH Bildu udal taldeak Otxarkoaga auzoko Aixe-Ona eremurako esku-hartze integraleko plan bat diseinatzeko eskatu du urtarrileko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozio baten bidez. Plan horren bidez, irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko neurriak eskatzen ditu, eremu horretara garraio publikoa iritsiko dela bermatzea, aparkaleku gehiago jartzea eta zonaren uholde-arriskua kontuan hartzea.

EH Bilduk eskatu du plan hori eremu horretan etorkizunean egingo den urbanizazioa kontuan hartuta egitea; izan ere, EH Bildu Bilboko zinegotzi Alba Fatuartek azaldu duenez, 2020an Udal Etxebizitzak Toki Erakunde Autonomoak, Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten Otxarkoagako Aixe-Ona izeneko lursailean etxebizitzak sustatzeko.

Une hartan, gogoratu duenez, EH Bildu udal taldeak operazio hori berriz aztertzeko eskatu zuen, “ez ziolako hiri eredu orekatu bati erantzuten eta etxebizitza horien kokapena desegokia delako”, izan ere, “eremu horrek ez ditu une honetan etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzeko baldintzak betetzen”. Hala eta guztiz ere, Fatuartek adierazi du hitzarmen hori gauzatzeko ekintzak onartuz joan direla.

Egoera berri horren aurrean, EH Bilduko zinegotziak azpimarratu du Aixe-Onako inguruaren hobekuntza integralari “lehentasuna emateko unea dela”. Fatuartek adierazi du zona hori gaur egun urbanizatu gabeko mendirako trantsizio-berdegunea dela, eta, beraz, etxebizitza horiek eraikitzeak “inguruko berdeguneak murriztuko” dituela, eta “eremu horiek konpentsatu egin beharko liratekeela etorkizunean ingurunea urbanizatzean”.

Irisgarritasunaren ikuspegitik, Fatuartek ohartarazi du egungo sarbidea “oso txikia” dela eta norabide bakarrekoa; beraz, “ibilgailu astunek sartzeko arazoak izaten dituzte, eta, horregatik, eremuak ez du autobus publikoko zerbitzurik”. “Beharrezkoa da egoera hori zuzentzeko eta Bilbobus eremu horretara hel daitekeela bermatzeko jardutea”, aldarrikatu du.

Azkenik, haren ustez, komenigarria litzateke gaur egun eremu horretako bizilagunek dituzten aparkaleku-arazoei irtenbidea ematea, batez ere babes ofizialeko etxebizitzen sustapen berri hau eraikitzearekin batera bizilagunen kopuruak gora egingo duela aurreikusita.

“Azken finean, guztiz beharrezkoa da hobekuntza-plan hau diseinatzea eta betearaztea, Aixe-Onako bizilagunek aspalditik eskatzen dituzten gaiak konpontzeko, bai eta alokairuko etxebizitza publikoak egoiliarren bizi-kalitatea bermatuko duen eredu bat sustatzeko ere”, nabarmendu du.