AKTUALITATEA


| 2023-11-22 12:25:00

EH Bildu udal taldeak osoko zuzenketa aurkeztu dio 2024rako Udal Gobernuaren aurrekontu proiektuari, Maria del Rio bozeramaileak eta Karlos Renedo zinegotziak gaur prentsaurrekoan iragarri duten bezala. Hauen ustez, kontuen proiektua "berregin behar da", izan ere, "ez dio erantzuten bilbotarren bizitza hobetzeko estrategiari, ezta hausnarketari ere". "Aurrekontu kontinuistak dira, inolako anbiziorik gabe eginak, aurrekoen copy paste moduko bat dira, bizi dugun ziklo aldaketaren aurrean urrezko aukera bat galduz", nabarmendu du Maria del Riok.

Ildo horretan, adierazi duenez, aldaketa ugari bizi ditugun garai honetan Udal Gobernuak “bere horretan jarraitzen du" eta “inertziaren eta ilusio faltaren emaitza diren kontuak aurkeztu ditu; herritarren, auzoen eta, oro har, hiribilduaren beharrei bizkarra ematen dien agortutako ereduarekin jarraituz”.  Aurrekontuaren % 5,7ko igoera finantzaketaren hazkundearekin bat datorrela zehaztu du. Gainera, bere esanetan, “hazkundea ez da hiriarentzat estrategikoak diren arloetan inbertitzeko, ezta hiri-eredu justu eta orekatu bat  garatzeko ere”, gaineratu du.

Hori dela eta, aurrekontua itzultzeko eskatu dio gobernu-taldeari, eta 39 milioi euroko proposamen bat aurkeztu du, gutxi gorabehera % 5,7ko igoeraren baliokidea. EH Bilduren proposamenak sei ardatz estrategikotan oinarritutako 32 zuzenketa ditu, “aurrekontuak birbideratzeko eta ziklo berriaren errealitatearekin eta beharrekin lotzeko”. "Udal Gobernuak planteatutako igoera birbideratuz, beharrei erantzungo dien aurrekontu eraginkorra eta erabilgarria eraiki daitekeela frogatzen dugu", adierazi du.

Aurrekontua zuzentzeko proposamenak, sei ardatzetan oinarrituta

Horretarako, Renedok adierazi duenez, "funtsezkotzat" jotzen dituzten sei ardatzen arabera antolatu dituzte neurriak: auzoak; etxebizitza; euskara eta kultura; merkataritza; trantsizio ekologikoa eta zaintza.

Auzoen arteko arrakala urtez urte handitzen ari dela ohartarazi ostean, adierazi duenez, “Auzokide Planaren gorakada txiki batek, urte askotan izoztuta egon ondoren,  ez dio  udal gobernuak adierazitako "lehentasun" posizioa ematen, eta, gainera auzo guztiei diru kopuru berdina emateak ez ditu auzoetako arazoak inola ere konponduko”. Horrela, EH Bilduk partida horri sei milioi eurotan gehitzea proposatu du, "benetan eraginkorra izan dadin".

Adinekoak eta haurrak dira ere EH Bilduren lehentasuna. Hala, bere zuzenketetan eskatzen dute auzoz auzo irisgarritasun-plan bat abian jartzea, oztopo arkitektoniko guztiak ezabatzeko; izan ere, “gure adineko pertsonak bizirik giltzapetuta edukitzea, etxetik irten ezin direlako, ez da Bilbo bezalako hiri bati dagokiona”. Ildo beretik, eskola-ingurune seguruak bermatzeko beharrezkoak diren obrak egiteko eskatzen du, egunero sortzen diren arazoei irtenbidea emateko, haurrak babestuz.

Halaber, kiroldegiak hobetzeko inbertsioa handitzea eta Emakumeen Etxea sortzeko aurrekontu-partida bat bideratzea proposatu dute, Bilbo ekipamendu hori gabe euskal hiriburu bakarra izateari utz diezaion. Renedok diru laguntza handiagoak eskatu ditu auzoetako jaietarako, eta kulturaren aldeko apustua egin du, hainbat arte-diziplinatara bideratutako gune ko-kudeatuen bidez, adibidez.

Euskara "gure ondarea eta kohesiorako funtsezko elementua" bultzatzeko aurrekontu "mugatua" kritikatu du, hortaz EH Bilduk euskara ikasteko laguntzak handitzea, erabilera neurtzeko programa berri bat eta hiriko hizkuntza-mapa egitea eskatu ditu.

Etxebizitzaren aurrekontua hirukoiztea

Etxebizitzari dagokionez, EH Bilduko zinegotziak kritikatu duenez, "3.000.000 euroko transferentzia Udal Etxebizitzei egitea, Udal Gobernuak proposatu bezala, aurrekontuaren % 0,004 baino ez da, eta argi eta garbi ez da nahikoa Bilbok bizi duen etxebizitza krisiari erantzuteko". Horregatik, EH Bilduk aurrekontua hirukoiztea proposatu du, 3 milioi euro bideratuz gazteentzako alokairuko etxebizitzak gaitzeko, eta beste 3 milioi euro adinekoentzako etxebizitza komunitarioak sustatzeko. Era berean, beharrezkotzat jotzen du etxebizitza turistikoa kontrolatzeko bulego bat sortzea.

EH Bilduk ere arreta berezia jarri du zaintzan; izan ere, Renedoren arabera, "zaintza-sistema publiko eta komunitario batean sakondu beharrean, Udal Gobernuak eredu pribatizatzaile baten alde egiten jarraitzen du, arreta oztopatzen duena eta langileen lan-baldintzak prekarizatzen dituena". Horrela, zuzenketetan, Etxez Etxeko Zerbitzua, oinarrizko gizarte-zerbitzuak eta zaintzaile ez-profesionalentzako Zaintzea proiektua indartzea eta garatzea eskatu du. Halaber, etxeko langile gisa lan egiten duten migratuentzako gizarte-kohesioko eta bizikidetzako programa bat abian jartzeko proposatu du, besteak beste.

EH Bilduren ustez, egungo krisi energetikoa eta klimatikoa "ez da lehentasunezkoa" Udal Gobernuaren aurrekontuan, eta, beraz, hainbat neurri proposatzen ditu, hala nola birgaitze energetikorako eta komunitate energetikoetarako laguntzak, baita BilbaoBiziren zerbitzua hobetzea eta hiriarentzat ingurumen proiektu estrategikoa martxan jartzea ere: Ibaizabal naturalizatzea eta berreskuratzea, Boluetatik Abusuraino.

"Nazioartekotzera", turismora edo makro ekitaldietara bideratutako partida handien aurrean, EH Bilduk uste du tokiko merkataritza auzoen bizitzaren ardatz dela. Horregatik, auzo-bihotzetan dauden zenbait lonja huts erostea proposatzen du, arrazoizko prezioetan alokatuz, tokiko merkataritzara eta ekonomia solidariora bideratzeko. Horrez gain, besteak beste, tokiko merkataritza haztegia sortzea ere planteatzen du, merkataritza-gune eta frankizia handien ereduaren aurrean.

"EH Bilduk Bilboren orainari eta etorkizunari buruzko hausnarketa serio eta beharrezkoa jarri du mahai gainean. Espero dugu Udal Gobernuak gure proposamena kontuan hartzea eta bere gehiengoa inposatu beharrean, irekia izatea aurrekontu eraginkorragoa eta hobea lortzeko” adierazi dute Del Riok eta Renedok.