AKTUALITATEA


| 2021-04-30 12:22:00

Asier Abaunza,  Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoen Saileko zinegotzi ordezkariak gaur goizean itsasadarraren azterketaren ondorioen berri emateko egin duen agerraldian zehar, EH Bilduk iragarri du proposamen bat aurkeztuko duela hurrengo udalbatzan, udal-mailako batzordea izango den mahai urdina sor dadin, Bilboko itsasadarraren erabilerei buruzko gaiari heltzeko, udal-talde guztien eta gizarte-ordezkaritzaren parte-hartzearekin.

Alba Fatuartek EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, "beharrezkoa da itsasadarrerako eredu bat elkarrekin zehaztea", bai eta pantalanetako eta itsasadarreko gune ezberdinetako jarduerak antolatzeko zenbait irizpide ezartzea ere. "Ezinbestekoa da plan bat izatea, ingurumenaren jasangarritasuna eta itsasadarraren ekosistema kontuan hartuta, egungo errealitatera egokituko dena negozio pribatuak kontuan hartuta, baina, batez ere, udal interesak lehenetsiko dituena, bereziki Bilbotarren interesak; izan ere, itsasadarra guztiona da, eta lehentasunezko erabilera publikoa edo zerbitzu publikokoa izan behar da", azpimarratu du.

Fatuarteren esanetan, itsasadarra "hiria hasieratik egituratzen duen elementua da, eta eguneroko bizitzan elementu garrantzitsua bilbotar guztiontzat". “Horregatik  ezinbestekoa da parte-hartze politikoa eta soziala itsasadarraren inguruko proiektu bat zehazterako orduan", gaineratu du.

Bestalde, EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, Udal Gobernua “atzerapen handiarekin” doa gai honetan, izan ere,  ikerketa hau aurkezten duen bitartean, “pantalan pribatuak txanpinoiak bezala sortzen ari dira itsasadarrean", Uribitarteko pasealekuan ikusten den bezala, bertan hasi baitira kai pribatu bat sortzeko lanak.

Fatuartek gogorarazi duenez, 2017an Olabeagako El Cargadero tabernako terrazaren ondoan eraikitako pantalan polemikoarekin egoera honi bidea ireki zitzaion. Gogoratu duenez, EHBilduk “pantalan hori eraikitzearen ondorioei buruz eta jarduera horiek arautzeko beharraz ohartarazi zuen, baina denbora honetan ez da aurrera egin".

Horren harira, Fatuartek esan du Udalak "erabakitzeko ahalmenik ez" duela Trantsizio Ekologikorako Ministerioak ematen dituen eta itsasadarrean eragin zuzena duten lizentziei buruz, eta "lehentasunezkotzat" jo du Udalak "subiranotasun maila handiagoak lortzea, Bilboko itsasadarrari eragiten dioten jarduerei buruz erabaki ahal izateko".

Azkenik, alderdi, eragile eta erakunde ugarik esku hartzen duten gaiaren konplexutasunaz jabetzen dela esan du EH Bilduk. Horregatik, hain zuzen ere, nabarmendu du beharrezkoa dela mahai urdina sortzea, Udalean ordezkaritza duten eta ordezkaritza soziala duten talde guztien parte-hartzearekin, bertan Bilboko itsasadarrari buruko gaiak eztabaidatu, kontrastatu eta erabaki ahal izateko.