AKTUALITATEA


| 2023-03-07 13:02:00

EH Bildu udal taldeak Bilboko Udaleko Bozeramaileen Batzordeari proposatu dio martxoaren 8aren harira egindako adierazpen instituzionalak zaintza-sistemari heltzeko, mugimendu feministak proposatutakoaren ildotik. Mugimendu feministak publikoki iragarri du martxoaren 8a epe luzerako dinamika baten abiapuntua izango dela, eta dinamika horren abiapuntua dela “zaintzak bizitzeko ezinbestekoak direla. Ezin direla merkantilizatu eta ikusezinak izaten jarraitu”.

Horrela, Jone Goirizelaia EH Bilduko bozeramaileak adierazpen bat onartzea proposatu die gainerako bozeramaileei, Bilboko Udalak Zaintza Mahai bat abian jartzeko konpromisoa har dezan, Bilboko zainketen errealitateari buruzko diagnostiko parte-hartzaileari jarraipena emanez. Diagnostiko hori EHUrekin elkarlanean egin da, eta EH Bilduk aurkeztutako mozio baten ondorioz, 2020ko otsailean osoko bilkuran lortutako akordioaren emaitza izan da.

Goirizelaiak gogorarazi duenez, diagnostiko hori egin da, baina gobernu-taldeak “kajoi batean gorde du, gure hiriko zainketen errealitatea ezagutzeko eta tokian tokiko neurri zehatzak hartzeko tresna baliotsua izan arren, zaintzaren gaiari elkarrekin heltzeko”.

Hala, EH Bilduk proposatu du Zaintza Mahaia erabakigunea izan dadila zaintza-sistemari buruzko azterketa bat egiteko, elkarrizketaren, diseinuaren eta estrategia publiko-komunitarioak abian jartzearen bidez, teknikari, udal-kargu publiko, eragile sindikal, mugimendu feminista eta beste herri-mugimendu batzuen parte-hartzearekin.

EH Bilduk adierazpen instituzional horretan proposatzen duen beste konpromisoetako bat da Bilboko Udalak eskaintzen dituen zaintza-zerbitzu publikoen eredua eta funtzionamendua egokitzea, berrantolatzea edota zabaltzea, identifikatutako beharrei erantzuteko eta lan-baldintzak duintzeko.

Halaber, Goirizelaiak azaldu duenez, Bilboko etxeko langileen egoera aztertzea proposatzen dugu, eta haien lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko programa integralak abiaraztea.

“Azken batean, zaintza-krisiari erantzuteko erantzun integralak premiazkoak direla uste dugu. Eta erakundeetatik dinamika eraldatzaile eta partekatu horrekin bat egin behar dugu, proposamenak eta aldarrikapenak jasoz, eta topaketa- eta elkarrizketa-guneak bultzatuz eta indartuz”, azpimarratu du.