AKTUALITATEA


| 2021-12-23 12:22:00

EH Bilduk Udal Gobernuak BilbaoArte Fundazioaren Zuzendaritzaren postua betetzeko hautaketa-prozesu publiko bat ez irekitzea kritikatu du,  Juan Zapater egungo zuzendariak erretiroa hartu ondoren hutsik geratuko baita.

Fundazioaren Patronatuak gaur BilbaoArteko egoitzan egin duen bileran, Alba Fatuarte zinegotziak adierazi du EH Bildu ez dagoela ados Zuzendaritza berriaren lanpostua zuzenean esleitzearekin eta ez hautaketa-prozesu publiko eta ireki baten bidez, non berdintasun, merezimendu, gaitasun eta gardentasun printzipioak bermatuko diren.

Horrela, BilbaoArte Fundazioaren Zuzendaritza berria izendatzeko bozketan EH Bildu aurka agertu da. Fatuartek adierazi duenez, “ulertezina” da, egungo zuzendariak erretiroa hartuko duela orain dela hilabeteak jakin ondoren, udal gobernuak lanpostu huts hori hautaketa-prozesu publiko baten bidez betetzeko izendapen-prozesurik abian jartzea aurreikusi ez izana.

EH Bilduko zinegotziak gogorarazi du BilbaoArte euskal sektore publikoko fundazio bat dela, Bilboko Udalari atxikia, eta, ondorioz, funts publikoen bidez finantzatua.