AKTUALITATEA


| 2021-11-29 12:57:00

Bilboko EH Bildu udal taldeak gogor kritikatu du udal gobernuak “aukera bat galdu izana 2022ko udal aurrekontua Bilborentzat eta bilbotarrentzat berreskuratze eta suspertze tresna bihurtzeko”.

“Onartutako aurrekontuak ez ditu bilbotarren egungo egoerari eta beharrei aurre egiteko egiturazko neurriak jasotzen, eta neurri horiek egoeraren araberako neurrien mende uzten ditu, SAMUR bezalako funtsezko zerbitzu publikoak ezabatzen ditu, eta etxebizitzaren, gizarte-zerbitzuen, enpleguaren, trantsizio ekologikoaren, politika feministen, hezkuntza eta gazteriaren eta auzoen hobekuntzaren arloko apustuak oso eskasak dira”, adierazi du Jone Goirizelaiak, EB Bildu udal taldeko bozeramaleak, aurrekontuei buruzko osoko bilkuran. Horretan, osoko zuzenketa aurkeztu du EH Bilduk eta udal gobernuaren aurrekontuaren kontra bozkatu du.

Goirizelaiak hiriko langabeziari eta pobreziari buruzko datuak, auzoetan bizi diren desberdintasun handiak eta etxebizitza arazo larria ekarri ditu gogora. Egoera horretan, esan duenez, udal gobernuak berriro erakutsi du “ez duela autokritikarik eta hausnarketa egiteko gaitasunik, eta, beste behin ere, bere eredu zahar porrokatua iraunarazteko tresna bihurtu du aurrekontua. Eredu hori zerbitzuen eta turismoaren sektorearen mendekoegia da, eta proiektu handien aldeko apustua egiten du, gutxi batzuei mesede eginez, eta ez bilbotar gehienei”.

“Desproportzionala”

Izan ere, aurrekontuen % 8ko hazkundea “erabat desproportzionala” dela nabarmendu du, “hiriko desberdintasunei aurre egiteko eta susperraldi sozioekonomikoa sustatzeko errefortzu handiena behar duten sailak ez baitira behar adina handitzen”. «Obren, Hiri Plangintzaren eta Proiektu Estrategikoen sailak % 30 baino gehiago egin du gora, aldiz, Etxebizitza Sailak % 0,90eko igoera tristea du, Gizarte Ekintzak % 3,48 eta Berdintasunak % 2,32», adierazi du.

Era berean, Goirizelaiak gobernu-taldearen jarrerak eta moduak kritikatu ditu; izan ere, “korporazioko gainerako kideekin aurrez kontrastatu gabe jardun du, aurrez prestatutako aurrekontu itxia eta lankidetzarako tarterik gabekoa aurkeztuz”.

Horren ildotik, gogorarazi du EH Bilduk 50 zuzenketa partzial aurkeztu dituela, 17 milioi eurotik gorakoak, aurrekontua berreskuratzeko benetako tresna bihurtzeko. “Hala ere, 633.150.000 euroko aurrekontutik, 535.000 euroko zuzenketak onartu dizkigute, hau da, aurrekontu osoaren % 0,08. Hortaz, lortutako akordioak bilbotarrentzat garrantzitsuak badira ere, ehuneko txiki horrek agerian uzten du Udal Gobernuaren negoziaziorako gaitasun eza”, nabarmendu du.

Nolanahi ere, Goirizelaiaren arabera, gobernu-taldearen negoziazio-planteamenduaren ondorioz, akordio gehiago lortzea ezinezkoa izan bada ere, onartutako zuzenketek Bilbok irisgarritasunean, euskalduntzean, gazterian, osasunean, iraunkortasunean, berdintasunean eta hezkuntzan, besteak beste, dituen beharrei erantzuten lagunduko dute.

Energia gastuetarako udal laguntza bereziak

Ildo horretan, adierazi du energia-gastuetarako udal-laguntza bereziak handitzea lortu dutela. “Argiaren prezioaren igoera historikoak energia-gastuen fakturei aurre egiteko pertsona eta familia askorengan zailtasun handiak eragingo dituela kontuan hartuta, horiei lagundu ahal izateko akordio garrantzitsua da”, gaineratu du.

Era berean, EH Bilduri esker, udal osoko bilkuren, informazio-batzordeen, agerraldien edo bestelako ekitaldien streaming bidezko transmisioetan zeinu-hizkuntzaren zerbitzua ezartzea aztertuko da, Bilbo hiri inklusiboa izan dadin eta irisgarritasun unibertsala oinarrizko printzipioetako bat izan dadin.

Indarkeria matxistari aurre egitea da EH Bilduren beste lehentasun nagusietako bat, eta ildo horretan, Udalak emakumeen arteko elkar zaintzarako taldeak martxan jartzeko konpromisoa hartzea lortu dute. Esperientzia hori hainbat udalerritan jarri da abian, arrakastaz, eta indarkeria matxistako egoera bati aurre egin dioten edo aurre egiten ari diren emakumeei zuzendutako gune bat da, esperientziak partekatzeko eta osatze-prozesua elkarrekin amaitzeko, psikologo batek gidatuta.

Bestalde, hezkuntzari laguntzeko programak diruz laguntzeko aurrekontu-partidak azken urteotan nabarmen jaitsi direla kontuan hartuta, EH Bilduk BIGE Bizkaiko Gurasoen Elkarteen Federazioaren eskaera helarazi du, eta hezkuntzari laguntzeko programetarako diru-laguntzak indartzea lortu du, honako helburu hauekin: deialdira aurkezten diren IGE guztiei kopuru finko bat ematea eta laguntzak eskuratzea bidezkoagoa, egokiagoa eta solidarioagoa izatea.

Era berean, EH Bilduren beste ekimen bati esker, Udalak partida bat ezarriko du lur gaineko aparkalekuetan karga azkarreko puntuak instalatzeko. “Partida horrek lagunduko digu Europar Batasuneko ‘Green Deal’-ek ezarritako helburuak betetzen eta jasangarritasunerantz urratsak ematen”, adierazi du.

EH Bilduk proposatuta, Udalak gazteen artean ludopatia prebenitzeko kanpaina bat jarriko du abian, eta Goirizelaiaren arabera, hori oso garrantzitsua da kontuan hartuta “gazteen artean ludopatia arrisku larria dela, eta online jokoagatik areagotu egiten dela”. Gazteei dagokienez ere, alderdi sobiranistaren eskaera sartu da, udal-jardueraren eremu guztietan gazteen parte-hartze aktiboa sustatzeko programa bat sortzeko, beren ekimenak eta ideiak kontuak hartuak izan daitezen.

Euskarari dagokionez, Udalak gazte migranteentzako euskara-ikastaroen programa bat jarriko du abian, lanbide-heziketako ikastetxeetan eskolaz kanpoko jarduera gisa, euskararen erabilera gizarte-kohesiorako tresna izateko bidean aurrera eginez.  Azkenik, EH Bilduren ekimenez, sexu-osasunaren arloan eta Hiesaren aurkako borrokan lan egiten T-4 elkarteak eta Hiesaren aurkako Batzordeak udalaren babes handiagoa izango dute.

“Borondate politiko eza”

"Akordio horiek, zalantzarik gabe, aurrekontua hobetuko dute bilbotarren mesederako, baina bazegoen tarterik akordio zabalagoak lortzeko, baina Udal Gobernuak ez du borondate politikorik izan negoziazio serio bat egiteko, aurrekontua nabarmen aldatu ahal izateko, Bilboren eta bilbotarren egungo egoerari eta beharrei aurre egiteko tresna erabilgarri bihurtzeko", kritikatu du.

Bere ustez, "aurrekontuen eztabaidan zerbait agerian geratu bada, EH Bildun defendatzen dugun hiri ereduak eta gobernu taldearenak aurrez aurre talka egiten dutela da". Nolanahi ere, EH Bildutik eskubideak berreskuratzen, desberdintasunei aurre egiten, jendearen ongizateari laguntzen eta pertsonak erdigunean jartzen jarraitzeko lanean jarraituko dutela esan du Goirizelaiak.