AKTUALITATEA


| 2025-08-25 11:08:00

Maria del Riok, EH Bilduren Bilboko udal taldearen bozeramaileak, eta Garazi Pereak, EH Bilduko zinegotzi eta Jai Batzorde Mistoko ordezkariak, Aste Nagusiko jai-ereduaren "arrakasta" nabarmendu dute gaur, "herriak eta herriarentzat sortutako jaia, Bilboko konpartsek eta bilbotarrek egiten duten borondatezko lanari eta ahalegin komunitarioari esker". 

Azaldu dutenez, Udalak emandako datuen arabera, 1,5 milioi pertsonek parte hartu dute Aste Nagusian, "Bilbon pertsona gehien mugitzen dituen ekitaldia izanik, inolako zalantzarik gabe". Eragin ekonomikoari dagokionez, gogorarazi dute, aurtengo datu ofizialen zain, BPGean 100 milioi eurotik gorako eragina izatea aurreikusten dela, eta inbertitutako euro publiko bakoitzeko hirian inpaktu positibo gehien duena dela. 

Del Riok eta Pereak azpimarratu dutenez, Bilboko Konpartsen borondatezko lanari eta milaka bilbotarren lankidetzari esker, bederatzi egunez adin guztietako pertsonek kultur eskaintza zabala, ia eguneko 24 orduetan gozatu ahal izan dute. "Bilboko Konpartsek 600 jarduera baino gehiago programatu dituzte, eta horiei Udalak programatutakoak gehituta, Bilboko jaiek eskaintza erakargarria eta anitza izan dute", esan dute. 

Haien ustez, horrek guztiak "agerian uzten du Bilboko Aste Nagusiaren jai eredu herrikoia arrakastatsua dela erabat". Ildo horretan, txosnak, "edariak zerbitzatzeko barra bat baino askoz gehiago dira, jai herrikoien bihotza eta gure nortasun kolektiboaren isla, alegia", azpimarratu dute. "Txosnak borondatezko lanetik sortzen dira, eta, horietan, adin guztietako pertsonek elkarrekin espazio libreak, parte-hartzaileak eta herriari irekiak eraikitzen dituzte", gaineratu dute. 

EH Bilduko zinegotziek ez dituzte ahaztu nahi izan aurtengo pregoilari eta txupinera Francis Diez Doctor Deseo taldeko abeslaria eta Olatz Agirre Txori Barroteko konpartsakidea, hurrenez hurren, Aste Nagusi osoan zehar "jaiaren enbaxadore bikainak" bihurtu direnak, oroimenerako uneak utziz, besteak beste, "Corazón de tango" abesti mitikoa, Sama Siku txarangarekin batera, Atzekalden abestu zutenean. 

Era berean, azpimarratu dutenez, beste behin ere, Aste Nagusia Bilboko herri mugimenduen aldarrikapenen eta borroken isla dela agerian geratu da. "Pentsiodunen Mugimenduak, Mugimendu Feministak eta Sarek, besteak beste, deitutako mobilizazioek herritarren babes zabala jaso dute. Bereziki aurten Bilbok Palestinako herriari elkartasuna adierazi dio, hala nola, asteartean Arriagan egindako mosaiko erraldoi baten bidez", adierazi dute. 

"Zapore gazi-gozoa" 

Hala ere, Del Riok eta Pereak adierazi dutenez, "ez da autokonplazentzian erori behar", izan ere, Aste Nagusiak "zapore gazi-gozoa utzi digu" hainbat gai direla eta. Horien artean, aipatu dute abuztuaren 16an, Abandoibarran ospatu behar zen Kai Nakai, Maren y Olatz Salvadorren kontzertua bertan behera gelditu zela, Udal Gobernuak hainbat arlotan erakutsitako kudeaketa "gaitasun faltagatik". 

Euskal artistei babesa berretsi ostean, EH Bilduko zinegotziek adierazi dute udal gobernuaren kudeaketa eskasa izan dela eta erantzukizunik bere gain ez hartzea "kezkagarria" dela. Horrela, EH Bildu udal taldeak galdera sorta bat aurkeztu du gertatutakoari buruzko informazio gehiago biltzeko asmoz, eta hainbat kontraste egin ditu. 

Bestalde, EH Bilduko zinegotziek jaietan gertatutako eraso matxista, arrazista eta LGTBIQfobikoak salatu dituzte, eta Bilboko Konpartsek protokoloa birritan aktibatu dutela gogorarazi dute, "erasoak unean bertan kudeatuz eta elkarretaratzeak deituz"."Bilboko Konpartsek pertsona guztientzako jai eta espazio seguruekin duten konpromisoa erakutsi dute beste behin ere", nabarmendu dute. 

Bestalde, kezka agertu dute Udal Gobernuak kaleko salmentari nola heltzen dion ikusita, adibidez, kalean saltzen zuten pertsonen behin-behineko lo egiteko lekua deseginda. "Manteroen egoerari erantzun bat eman behar zaio, eta erantzun horrek politikoa eta soziala izan behar du, ez, ordea, poliziala", azpimarratu dute. 

Azkenik, aurten ere udal gobernuak jaien egitarauan sartu dituen zezenketak aipatu dituzte. Esan dutenez, "beste behin ere agerian geratu da bilbotarrok ez dugula zezenketarik nahi, nabarmena izan baita Vista Alegren ikusleen beherakada". Zinegotziek adierazi dute eztabaida horri heldu behar zaiola hirian, udal-autonomiaren ikuspegitik, eta, aldi berean, zezen-plazaren erabilerak elkarrekin birpentsatzeko konpromisoa berretsi dute.