Maria del Riok, EH Bildu Bilboko udal taldeko bozeramaileak adierazi du alderdi soberanista prest dagoela hiriarentzat estrategikoak diren arloetan udal gobernuarekin akordioetara heltzeko. Esan duenez, "Bilbok akordio zabalak behar ditu, hobeak eta eraginkorragoak direlako, eta baita gehiengo absolutuen unea agortu delako, aritmetika politikoaren konplexutasuna Bilbora iritsiko delako eta gobernu alternatiba baten atarian gaudelako”. "Horregatik, gure hiriaren etorkizuna diseinatuko duten oinarri partekatuak ezartzea proposatzen dugu", nabarmendu du.
Maria del Riok adierazpen horiek egin ditu gaur hiribilduaren egoeraren Osoko Bilkuran. Bere hitzaldia Bilbo hiri solidarioa izatearen harrotasuna nabarmenduz hasi du, duela aste batzuk La Vuelta gure hiritik igaro zenean agerian geratu zen bezala. "Bilbo elkartasunaren eta itxaropenaren itsasargi bilakatu zen, genozidio bat zuzenean ikusten ari garenean isiltzen ez garen herri bat garela munduari erakutsiz", aipatu du. Ildo horretan, haren ustez, albiste ezin hobea izan da ere irailaren 17an Israeleko ordezkarien presentziarekin aurreikusita zegoen hitzaldia bertan behera gelditu izana.
Del Riok azpimarratu du oso garrantzitsua dela akordioak lortzea aurrean ditugun erronkei erantzuteko, eta, aldi berean, agintaldiko bi urteetan lortutako adostasunak balioan jarri ditu, Bilboko herritarrengan eragin positiboa izan dutenak hainbat arlotan, hala nola etxebizitzan, tokiko merkataritzan, trantsizio ekologikoan, auzoetan, zaintzan eta euskaran.
Hala ere, EH Bilduko bozeramaileak udal gobernuaren "itxikeria" kritikatu du, "modu globalean negoziatzeari uko egin izanagatik, eta hirirako garrantzitsuak diren gaiei buruz hitz egiteari ere uko egin izanagatik", besteak beste, aurrekontuak eta udal tasak aipatu ditu.
"Arrabolaren metodologia"
Horregatik, oposizioko udal taldeekin eta baita "herritarrekin, elkarteekin, mugimendu ezberdinekin zein partikularrekin zubiak eraikitzeko” deia egin dio Del Riok udal gobernuari. "Ezin dugu onartu herritarrek Udala erakunde arrotz eta hermetikotzat hartzea. Arrabolaren metodologia ez da gobernatzeko modurik onena", kritikatu du.
Kudeaketa horren adibide dira, esan duenez, "duela 20 urtetik trabatuta dagoen Zorrotzaurre proiektua, Bilboko ustezko Manhattan, aukera izatetik lauza astun izatera igaro dena, alegia"; edo La Casillaren birmoldatzea, "Autonomia kalea bere osotasunean berritzeko beharra kontuan hartu gabe eta udal espazioen pribatizazioaren ikuspegitik pentsatua izan dena, proiektua praktikan trabatuta egotea ekarriz". "Antzeko egoera daukagu Artxandan, Nogaro eraikinaren paralisiarekin", gaineratu du.
Bere ustez, "porrot egin duten proiektu horiek gobernantza eredu baten emaitza" dira. Horregatik, "akordio zabalak" eskaini ditu esparru estrategikoetan, hala nola etxebizitzan, segurtasunean, larrialdi klimatikoan, euskaran eta auzoetan.
Etxebizitzari dagokionez, "erantzun beharreko erronka handienetako bat" dela esan du Maria del Riok eta lau neurri zehatz hartzea planteatu du, "bizitoki krisiari aurre egitea ahalbidetuko digutenak". Horrela, alokairuko etxebizitza publikoaren eskaintza biderkatzea; hutsik dagoen etxebizitza mobilizatzea; eta alokairuaren prezioa topatzea" proposatu dio Udal Gobernuari, "Foru Aldundiari erreferentziazko prezioen indizea argitaratzeko eskatuz eta presioa eginez".
Laugarren neurriarekin, turismoak eta, zehazki, etxebizitza turistikoek prezioetan duten eragin negatiboa arindu nahi du EH Bilduk, baita iruzur masiboari modu eraginkorrean aurre egin ere.
Segurtasunari dagokionez, Del Riok adierazi du, segurtasun itunaren oinarritik abiatuta, "haratago" joan beharra dagoela. "Jarduteko eta pertsonen arretarako protokoloak aldatu behar ditugu; etxegabetasunaren inguruko plana garaiz eta behar bezala hedatu behar dugu; hiria Delitua Prebenitzeko Ingurumen Diseinuaren arabera planteatu behar dugu, eta hiriko pertsona ahulenen beharrei erantzun behar diegu", azaldu du.
Erronka klimatikoaz ere mintzatu da EH Bilduko bozeramailea. Beroari aurre egiteko, biodibertsitatea bultzatzeko eta kutsadura geldiarazteko hiria berdetzearen garrantzia nabarmendu du, eta, beraz, hiri hondartzak, hiri basoak eta espazio moldakorrak zabaltzearen eta sortzearen alde egin du. Era berean, mugikortasuna, oro har, eta TAO sistema, Bilbobus lineak, BilbaoBizi zerbitzua eta ZBEa, bereziki, birpentsatzeko eskatu du.
Euskararen ordenantza ere aldarrikatu du Del Riok Bilborentzako, "egiten ez badugu atzerapausoa izango baita"; aldi berean, euskararen zeharkakotasuna eta euskarazko ekoizpenak espazio guztietan bultzatzea eskatu du. "Euskal Herriko iparorratz kulturala izan beharko genuke, Alondegian kendutako espazioak berreskuratuz eta biderkatuz", gaineratu du.
Bestalde, auzoak dinamizatzea "funtsezkotzat" jo du. "Ezinbestekoa da segregatzen duten oztopoekin amaitzea, gure bizi itxaropenean ere eragina baitute, eta, horretarako, barrutien aurrekontua handitu behar da, bai eta haien funtzionamendua errotik aldatu ere, erabakiak hartzeko prozesuak zein informazio teknikorako sarbidea demokratizatuz”, adierazi du.
Halaber, gure auzoetako “taupadak” diren eskola inguruneak hobetzearen eta dinamizatzearen aldeko apustua egin du, eta, auzoen biziraupenerako ezinbestekoa den tokiko merkataritzaren egoerarekin kezkatuta, plan partekatu bat sortzeko eskatu du, hura bultzatzeko. Bestalde, hiri osorako irisgarritasun plan orokor bat adostearen aldeko apustua egin du, “erronka orokor honi ezin baitzaio aurre egin jarduera isolatuen loteria gisa".
“Zergatik ez lortu akordiorik proiektu horietan, txandakako Gobernu Taldearen nahietara diseinatu beharrean?”, galdetu du. Bilbok akordio zabalak behar dituela nabarmendu du Del Riok ditugun erronkei erantzuna emateko politika publiko eraginkorrak martxan jarri ahal izateko.