AKTUALITATEA


| 2025-09-17 10:38:00

EH Bildu udal taldeak  iraileko osoko  bilkuran eztabaidatuko diren memoria historikoa berreskuratzeko ekimenen berri eman du gaur prentsaurrekoan.   Alde batetik, hirian memoria historikoaren interpretazio zentro bat sortzea eskatzen du, eta, bestetik, Bilboko gerra zibileko babeslekuen inbentarioa egitea, eta Solokoetxeko Zabalbideko babeselekua egokitzea, bisitatu ahal izateko.

Maria del Riok eta Garazi Pereak, EH Bildu udal taldearen bozeramaileak eta zinegotziak, hurrenez hurren,  proposamen horiei buruzko zehaztasunak azaldu dituzte. Del Riok gogorarazi du aurten, hain zuzen ere, esanahi politiko handiko hiru gertakariren 50. urteurrena ospatzen dela: Txiki eta Otaegiren fusilamendua, Francoren heriotza eta Juan Carlos I.a Borboikoaren koroatzea.

Testuinguru horretan, adierazi duenez, EH Bilduk “Euskal Herria askatasun haizea” lelopean kanpaina bat abian jarri du, besteak beste, faxismoaren biktimak, erresistentzia eta borroka antifaxista omentzeko eta berrespen antifaxista egiteko. Hortik dator, bere esanetan, aurkeztu dituzten mozioen garrantzia, "horiekin memoria berreskuratu nahi dugulako Bilbo antifaxista aldarrikatzeko".

Ildo berean, lehenengo mozioaren bidez, Bilboko gerra zibileko babeslekuen inbentario bat egitea eskatzen du EH Bilduk, baita Zabalbideko babeslekua egokitzea ere, hau bisitatu ahal izateko, bere erabilera eta historia erakutsiz. Pereak gogorarazi duenez,  Bilbo da Euskal Herriko hiribururik bonbardatuena izan zen, 62 aire-erasorekin. Horrela, 162.000 biztanle baino ez zituen Bilbo bezalako hiri batean, 11 hilabetetan 269 babesleku eraiki ziren bonbardaketetatik babesteko.

Urrats bat gehiago

Horietako bat, hain zuzen ere, Zabalbide kaleko 7. zenbakian dagoena da. 2021eko ekainean EH Bilduren ekimenez egindako akordio baten ondorioz, seinaleztapenari eta testuingururatze historikoari ekin zitzaion. "Orain urrats bat gehiago ematea eskatzen dugu, haratago joatea, eta, behintzat, sarrera egokitzeko behar diren obrak egitea, bilbotarrek eta bisitariek bertara sartzeko aukera izan dezaten, izandako funtzionamendua eta, batez ere, historia ezagutzeko xedearekin".

Bigarren mozioaren bidez, EH Bilduk memoria historikoaren interpretazio-zentro bat sortzea eskatzen du gerra zibilean eta ondorengo urteetan gertatutakoa babestu, ulertu eta ezagutzera emateko. Perearentzat ezinbestekoa da gogoratzea Bilbok iparraldeko frontean paper erabakigarria izan zuela eta industria-gune gisa funtsezkoa izan zela, ez bakarrik hiriarentzat, baita inguruko probintzientzat ere, horien bideragarritasun estrategikoa hiriaren mende baitzegoen.

Ildo horretan, azaldu duenez, 1937ko Bilboren erorketak 'de facto' iparraldeko frontearen erorketa ekarri zuen, eta ondorio militarrak ez ezik, politikoak eta sozialak ere izan zituen, eta atzerakada demokratikoak eskubideen eta askatasunen ezabapena eragin zuen, bai Bilbon, bai Euskal Herrian.

2027an gertakari horretatik 90 urte beteko direnean, Perearen ustez, interpretazio-zentro bat martxan jartzeak "balio berezia" du. Espazio horrek, zehaztu duenez, "memoria historikoaren garrantziaren inguruan jabetzeko eta balio demokratikoei buruzko gogoeta sustatzeko balio izango luke, Bilbok Gerra Zibilean eta erresistentzian izan zuen papera aitortzen eta, aldi berean, oroimen kolektiborako gune bihurtzen".

"Bilbo eta Euskal Herria erresistentziaren gune antifaxista izan ziren. Gaur egun ere, faxismoa eta autoritarismoa mundu osora zabaltzen ari diren une honetan, erresistentzia-foku antifaxista izaten jarraituko dute, eta, horretarako, memoria historikoari balioa eman behar zaio. Hona ekarri ditugun proposamenek hori lortzen lagunduko dute, zalantzarik gabe, eta, beraz, martxan jartzeko akordio batera iristea espero dugu", nabarmendu du.