Karlos Renedo EH Bilduko zinegotziaren ustez, "pauso garrantzitsua" da gaur Bilbo, "azkenean, denbora luzez itxaroten egon ostean eta alderdi soberanistak hainbat proposamen aurkeztu ondoren, eremu tentsionatu izendatzea". Hala ere, bere esanetan, "hori ez da nahikoa", izan ere, "izendapen hori eragingarria izateko, bestelako neurriak martxan jartzea ezinbestekoa da", besteak beste, alokairuaren Erreferentziazko Prezioen Indizea, gune tentsionatu izendatu ostean prezioak ezartzea ahalbidetuko duen tresna baita.
Renedok gogorarazi duenez, EH Bilduren ekimenez, Bilboko Udalean zein Bizkaiko Foru Aldundian Erreferentziazko Prezioen Indizearen argitalpena arintzeko ekimenak onartu diren arren, "gaur egun, oraindik tresna hori ez dago abian, EAJk eta PSEk etxeko lanak egin ez dituztelako". "Esan liteke EAJk aldundietan duen boterea erabiltzen duela indizea sortzeko prozesua blokeatzeko, bere gobernukide PSEk ezer egiten ez duen bitartean", kritikatu du.
Renedok adierazpen horiek egin ditu gaur Bilboko Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek Bilbo eremu tentsionatu izendatzeko izendapena sinatu ostean. Sinadura horrekin "ez dugula ezer ospatzeko" adierazi du, "Bilbon dugun arazo larria onartzea suposatzen baitu, adibidez, abuztuan etxebizitzen alokairuaren prezioak %8ko urte arteko igoera izan baitzuen". Gaineratu duenez, "sinadura ekitaldia argazki soil bat izango da prentsarentzat, izendapena martxan jartzeko beharrezko neurriak hartzen ez badira erakunde guztietan".
Ildo horretan, Erreferentziazko Prezioen Indizea presaz aplikatzeaz gain, Renedok beste neurri batzuk hartzea planteatu du, hala nola "alokairuko etxebizitza publikoen eskaintza biderkatzea, alokairuaren prezioa topatzea, pisu turistikoak mugatzea, etxebizitza hutsak mobilizatzea eta funts espekulatzaileak zergapetzea".
"Komunikabideetan titularra bilatzeko ekitaldi ofizialetako sinadurez harago, beharrezkoa da sektore publikoak higiezinen merkatuan esku hartzea, horretarako behar diren tresna instituzional guztiak martxan jarriz, eta etxebizitza-politika publikoetan atzera egin gabe, Eusko Jaurlaritzak nahi duen bezala. EH Bilduren iritziz, etxebizitza eskubide bat da, ez negozio bat, eta, beraz, etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko lanean jarraituko dugu", nabarmendu du.