AKTUALITATEA


| 2022-11-28 14:46:00

Jone Goirizelaia EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, "urrezko aukera dugu anbizio handiko aurrekontua onartzeko, norabide aldaketa ekarriko duena eta egungo krisi energetiko, klimatiko eta sozialari erantzungo diona". Horren ordez, esan duenez, aurrekontu “kontinuista” onartu dute, “proposatzaileen neurrira egindako jantzia,  EAJk eta PSEk aldatu nahi ez duena, eta, une honetan, konfiantzarik sortzen ez duena eta bilbotarrei konponbiderik eskaintzen ez diena”.

Goirizelaiak gaur egin ditu adierazpenok, aurrekontuak eztabaidatu diren Udalbatzarrean. Bertan, gogorarazi du EH Bildu udal taldeak bost ardatzetan oinarritutako proposamen «errealista» aurkeztu ziola gobernu taldeari: etxebizitza, trantsizio ekologikoa, gizarte ongizatea, auzoak, berdintasuna eta euskara. “Proposamen hori ez du aintzat hartu Udal Gobernuak, kontrastatzeari eta negoziatzeari uko egin baitio, eta, beraz, ezinezkoa izan da inolako akordiorik lortzea”, adierazi du.

“Eskua luzatzen dute, baina elkarrekin lan egiterako orduan patrikan gordetzen dute”, esan du. Horrela, gobernu-taldeari gogorarazi dio “negoziatzea ez dela zuen irudia garbitzeko komeni zaizkizuen zuzenketa partzial batzuk onartzea”. Ildo horretan, adierazi duenez, lortutako akordioak “Bilboko herritarrentzat garrantzitsuak badira ere, ez dira nahikoa aurrekontuen norabidea aldatzeko, aurkeztu ditugun partida garrantzitsuenak ez baitira onartu”.

Ildo horretan, azaldu du “erdibidetzea proposatu dizkiguten 11 zuzenketetatik bakarra da negoziazioan proposatutakoa, euskara ikasteko laguntzak handitzera bideratutakoa, hain zuzen ere.

Gainerakoak “erantzukizunagatik eta konpromisoagatik” onartzen dituztela azaldu du, izan ere, hainbat erakundek jasoko dituzte onurak: gazteekin lan egiten duten gizarte-eragileek, T4 elkarteak, hiesaren aurkako batzordeak eta guraso-elkarteak, “horiek guztiek, zailtasunak zailtasun, Bilbon egunero lan aparta eta oso beharrezkoa egiten baitute”. “Lortutako kopuruak guk planteatu genituenak baino txikiagoak badira ere, eragile horiek adierazi digute euro bakoitzak balio duela, eta euren lana egiteko beharrezkoak direla”, gaineratu du.

Era berean, “positibotzat” jo ditu bainu publikoetarako, udal-merkatuetako hobekuntzetarako, etxebizitzaren behatokirako eta ludopatiaren aurkako sentsibilizaziorako lortutako partidak. Hala ere, berretsi du oso urrun dagoela zuzenketa partzialei begira planteatu zituzten helburuetatik.

Nolanahi ere, gobernu-taldearen praktika “ulertezina” salatu du, “igoera horiek adostu ondoren, hurrengo ekitaldiko aurrekontutik sistematikoki kentzen dituelako”. “Udal gobernuak aurrekontu igoera horiek sendotzeko konpromisoa hartu behar du, eta hala egin ezean, murrizketak egiten ari zaretela salatuko dugu”, kritikatu du.

Goirizelaiak lankidetzari ere egin dio erreferentzia; izan ere, gobernu-taldeak murriztu egin du arlo horretara bideratutako dirua, eta lehen aldiz hautsi du, 2014tik, azken urteetan izandako konpromisoa, hau da, pixkanaka aurrera egitea, % 0,7ko helburua lortu arte. “Orain, oposizioaren zuzenketei esker, azken hiru urteetako lankidetzarako aurrekontu propioaren % 53 berreskuratu da. Hau da, ez dugu aurrera egiten lankidetzara bideratutako ehunekoan, murrizketak bakarrik saihesten dira”, gaineratu du.

Horregatik guztiagatik, Goirizelaiak adierazi du “erdibidetutako  zuzenketak aurrekontuan sartzea positiboa den arren, ez dela nahikoa kontuetan eredu-aldaketa egiteko, egungo testuinguruari aurre egiteko tresna erabilgarri bihur daitezen”.

“Zoritxarrez, galtzaile nagusia bilbotarrak dira, egungo krisi-testuinguruari aurre egiteko egiturazko gabeziak dituzten aurrekontuen biktima izango baitira. Betiko eredua iraunarazten duten kontuak onartu dira, eta ez, aldiz,  EH Bilduk planteatu zuen bezala, etxebizitza, trantsizio ekologikoa, ongizate soziala edo auzoen hobekuntza eta Bilbo euskalduna eta feminista bezalako esparruak indartzera bideratutako aurrekontua”, nabarmendu du.