AKTUALITATEA


| 2023-03-29 10:50:00

EH Bilduren udal taldeak mozio bat erregistratu du gobernu taldeari eskatzeko sentsibilizazio-kanpaina bat abiaraztea kirolean jarrera egokiak sustatzeko eta zeregin horretan eragile guztiak inplikatzeko, hala nola kirolariak, haien senideak, publikoa, federazioak eta klubak eta horiek osatzen dituzten pertsonak (entrenatzaileak, teknikariak…).

Bruno Zubizarreta EH Bilduko zinegotziak gogorarazi duenez, kirola gero eta hedatuago dago gure gizartean, eta gero eta gehiago jabetzen ari gara kirola lehiaketa bera baino askoz gehiago dela.

“Bizitza osasungarria, adiskidetasuna eta laguntasuna kirolaren berezko balioak dira”, adierazi du, eta gaineratu du balio horiek txiki-txikitatik irakatsi behar zaizkiela lehiaketa-giroan murgiltzen diren haur guztiei, norberarenak balira bezala har ditzaten. “Eta ez kirolariei bakarrik, baita haiekin doazen senideei eta lagunei eta federazio eta klubetako kide guztiei ere”, zehaztu du.

Zubizarretak adierazi duenez, “gehiegitan ikusi ahal izan ditugu komunikabideetan eta sare sozialetan kirolean gertakari lotsagarriak, jokabide egokietatik eta kiroltasunetik hurruntzen direnak, eta horiek saihesteko bitartekoak jarri behar dira”. 

Ildo horretan, gogoratu duenez, Bilboko Udalak pausoak eman ditu, hala nola Bilbao Kirolak-ek argitaratutako eta kirolariei zuzendutako jokabide onen dekalogoa. Hala ere, bere esanetan, “neurri gehiago hartu behar dira eragile guztiak inplikatzeko”.

Hori dela eta, EH Bilduk sentsibilizazio-kanpaina bat abiaraztea proposatzen du. Kanpaina horren bidez, kirolean jokabide egokiak sustatuko dira Bilbao Kirolak-en instalazio guztietan, kirol federazio eta klubetan eta baita ere ikastetxeetan eta gizarte-etxeetan, besteak beste.