AKTUALITATEA


| 2020-07-06 10:52:00

EH Bildu Bilboko udal taldeak kritikatu duenez, gobernu taldearen "aurreikuspen falta" dela eta, herritarren arretarako bulegoetan ez zaie herritarrei zerbitzu egokirik eskaintzen, eta askotan, "Ilara luzeak itxaron behar izaten dituzte hilabete bat eta gero hitzordua lortzeko, hori da San Agustin Eraikinean gertatzen ari dena, adibidez, non udaleko tramite gehienak egin behar diren ". 

 "Uztailaren 1ean abuztuaren 3rako ematen ari ziren hitzordua edozein udal izapide egiteko, hala nola, erroldan alta edo baja lortzea, edozein obra txiki egiteko baimena edo TAOrekin lotutako kudeaketak”, azaldu du. Era berean, gaineratu duenez, abuztura arte ez da hitzordurik ematen ogasunarekin kontsultak egiteko, eta kontuan izan behar da tasa eta zergak ordaintzeko epea uztailean amaitzen dela eta, hori dela eta, pertsona askok dagokien errekargua ordaindu beharko dute atzerapena dela eta.   

Ildo horretan,  EH Bildu udal taldeak esan duenez, "internet bidez aldez aurretik hitzordua eska daitekeen arren, kontuan hartu behar da gure hirian dagoen arrakala digital handia, pertsona askok ezin baitute hitzordua modu telematikoan eskatu". "Gainera, udal webgunearen bidez ogasunarekin edo hirigintzarekin lotutako edozein kudeaketa egiterako orduan, atal asko agertzen dira aukeran, herritarrei kudeaketa zailtzen zaielarik", gaineratu du. 

EH Bilduk adierazi duenez, aipatutakoak, “gobernu taldearen planifikazio faltagatik, herritarren arreta zerbitzua nola funtzionatzen ari den erakusten duten adibide batzuk dira”. "COVIDek sortutako egoera dela eta, egia da zerbitzua berregituratu behar izan dela, baina berregituraketa hori herritarrei zerbitzu egokia bermatzeko moduan egin behar da, eta ez da horrela izan", gaineratu du. 

Horren harira, opor garaian gaudela kontuan hartuta, horrela jarraituz gero, "egoerak okerrera egin dezakela, zerbitzuaren kalitatea are gehiago apalduz" ohartarazi du. Horregatik, EH Bilduk gobernu taldeari eskatu dio "zerbitzu hori berrantolatu eta indartu dezan, beharrezkoa bada kontratazio berriak eginez, indarrean dagoen lan-poltsaren bidez, herritarrei merezi duten arreta eskaintzeko helburuarekin".