AKTUALITATEA


| 2020-04-09 12:19:00

Bilboko EH Bildu udal taldeak herritarrei zerbitzu emateko konpromisoarekin jarraitzen du, are gehiago, une honetan. Ildo horretan, astero proposamen ugari aurkeztu ditu, hiria osasun-premiara egokitzeko: etxez etxeko laguntza-zerbitzuko profesionalak babesteko neurriak, azpikontratatutako langileen lanpostuak eta lan-eskubideak bermatzeko txosten juridiko bat eskatzea. Baita bakardade-egoeran dauden adinekoentzako neurriak eta auzo-sareen eta udal-laguntzako zerbitzuen ezinbesteko lana koordinatzeko proposamenak ere. 

Udal taldeak adierazi duenez, lan hori "etengabea da eta ez du amaierarik, ez baitakigu noiz gutxituko den kutsatuen kopurua, Bilbon eta metropoliaren inguruan oso garrantzitsua dena". Beraz, "kaltetutako herritarrei gure elkartasuna adierazten diegu, eta horrek proposamenak lantzen jarraitzea dakar". 

EH Bilduk azaldu duenez, COVID19ren ondorioak gainditu ostean, "inori ez zaio ihes egiten bigarren seihilekoa oso berezia izango dela, poltsiko askotan kalte ekonomiko handia eragingo duela". Hori dela eta, "erreskate sozioekonomikorako plan bat prestatzen ari gara, eta Bilboko Udalak, herritarrengandik gertuen dagoen botere publikoa den heinean, inplementatu beharko luke". Proposamen honek hainbat neurri biltzen ditu hainbat esparrutan: 

• Gizarte-politiken eremuak aldaketa sakona beharko du: gizarte-larrialdietarako laguntzen hartzaile kopurua eta laguntza kopurua handitzea, alokairuen salbuespena, oinarrizko erosketa-bonuak, gizarte-zerbitzuetako plantilla indartzea, etab. 

• Zerga-politika berri bat beharko da, askoz ere progresiboagoa, eta familia-unitateei zein merkataritzako, ostalaritzako edo autonomoetako langileei lagunduko diena, krisia ezin baitute berriz ere eurek ordaindu (itxialdian tasak kentzea, lokalen alokairua jaistea, eta abar). 

• Era berean, orain arte genuenaz bestelako estimulazio ekonomikoko plan bat bultzatu beharko da: saltoki txikiei zuzeneko laguntzak ematea eta enplegu-planak zabaltzea, adibidez. 

• Kulturaren esparruan ere kolpea oso gogorra izan da, Bilbon kultur agenda aberatsa gelditu egin baita. Horregatik, espazioak eta azpiegitura alokatzeko erraztasunak eskaini beharko dira, eta atzeratutako ekitaldiak lehenetsi. Gainera, konpromisoa hartu behar da lehenik Bilboko eta herri honetako kultur eragileekin, euskarazko antzerkiarekin eta musikarekin, eta auzoetako jaiekin ere bai, kaltetuak izango direlako baita ere.

Beharrezkoa da udal aurrekontuaren egiturazko aldaketa 

EH Bildu Bilbok adierazi duenez, "agerikoa da gastuaren birplanteamendu honek udal aurrekontuaren egiturazko aldaketa eskatzen duela, pertsonak aurretik jarriz eta hirigintza proiektu handiak atzeratuz". 

Udal taldeak proposamen hau Bilboko ekonomia, kultura, gizarte eta hezkuntza alorretako hogei bat pertsona eta eragileri helarazi die, "aztertu eta aberastu dezaten, bilbotarren larrialdi eta beharrak sakon ezagutzen baitituzte". 

"Horretan dago Bilboko EH Bildu, beti espiritu proposatzailearekin, bai erakundeetan bai kalean, osasun larrialdiari aurre egiteko irtenbideak eskainiz eta epe labur eta ertainean neurri politikoak aurreikusiz", esan dute alderdi subiranistatik.