AKTUALITATEA


| 2024-07-24 09:12:00

Udal Gobernuak Bilbaobizi (bizikleta publikoak mailegatzeko sistema) zerbitzuaren kudeaketa lizitaziora atera du datozen hamar urteetarako. Gauzak horrela, EH Bildu udal taldeak hainbat proposamen helarazi dizkio Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailari, etapa berrian Bilboko bizikleta elektriko publikoen zerbitzua hobetzeko.

EH Bilduko zinegotziak Xabier Fernandezek azaldu duenez, EH Bilduk muga prezio bat ezartzea proposatzen du, zerbitzua maiz erabiltzen duten erabiltzaileak ez zigortzeko. Aitzitik, proposatzen den ordainketa-sistema berriaren arabera, zenbateko finko bat ordaintzeaz gain, joan-etorri bakoitzeko aparteko bat kobratuko da. Fernandezen ustez, "helburua garraio iraunkorra sustatzea izan behar da, eta ez diru-bilketa".

Era berean, 24 orduko ordutegia urteko egun guztietan berreskuratzea planteatu du EH Bilduk, eta adierazi du “ez dagoela aitzakiarik” zerbitzua gauez ez eskaintzeko, Bilbaobizi erabiltzen dutenek eskatzen duten bezala. “Bandalismoa saihestea helburua bada,  beste neurri batzuk daude, hala nola ainguraketen segurtasuna indartzea, baina inondik inora zerbitzu publikoa mugatzea eraginkorrak ez diren neurriekin”, gaineratu du Fernandezek.

Lizitazio berriak bizikleta kopurua eta, beraz, mailegu puntuak handitzea ekarriko duenez, EH Bilduko zinegotziak adierazi du bere taldeak proposatu duela bizikleta horiek gaur egun zerbitzu hori ez duten edota eskatzen ari diren tokietara zabaltzea, besteak beste, Solokoetxe, Bilbi, Buia, Elorrieta, Doneperiaga, San Adrian, Miribilla, Begoña eta Zurbaranbarrira.

Era berean, lizitazioa hamar urterako ezartzea kritikatu du: "Hamarkada batean aldaketa asko gerta daitezke hirian mugikortasunaren arloan, eta hamar urterako kudeaketa emateak zaildu egingo ditu une bakoitzak eskatuko dituen aldaketak eta berrikuntzak ezartzea”.

Bizkaibizira hurbiltzea

Azkenik, intermodalitatea sustatzea eta Bilbaobiziren zerbitzua Bizkaibizirekin bateragarri egitea izan dira EH Bilduk egindako beste proposamen batzuk, bi sistemak bateratu ahal izateko aukera bat galtzen dela uste baitu Fernandezek. “Pausoak eman behar dira sistema biak osagarriak izateko”, gaineratu du.

“Bizikleta gehiagotan inbertitzea, modernoagoetan, lapurretak saihesteko teknologia hobearekin, positiboa da, baina pentsatu behar dugu nola lortu bizikleta laranja gehiago egotea Elorrietatik Getxora, Barakaldotik Leioara joateko, eta are gehiago kontuan hartuta zerbitzua Gorlizera, Muskizera eta Durangaldeko herrietara zabaltzeko aukera. Hobetzeko aukerarik badago, neurriak hartu behar dira”, azpimarratu du.

Azkenik, EH Bilduko zinegotziak espero du Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak proposamen horiek kontuan hartzea, “guztion artean, hirian Bilbaobiziren zerbitzua hobetzeko, ezinbesteko zerbitzua baita Bilbo jasangarriagoa eta gutxiago kutsatzen duena lortzen laguntzeko”.