AKTUALITATEA


| 2025-11-20 09:59:00

Maria del Rio EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, EAJk Bilboko aurrekontuen "negoziazioari ateak itxi dizkio". Azaldu duenez, "EAJrekin eta PSErekin elkarrizketak izan eta, formalki erregistratu aurretik, eurekin proposamenak elkarbanatu ondoren, Eusko Alderdi Jeltzaleak elkarrizketarekin ez jarraitzea erabaki du". 

Ildo horretan, esan duenez, EH Bilduk "proiektu zehatz eta egingarrietan oinarritutako negoziazio-metodo bat proposatzen zuen, ondoren jarraipen-mahai batekin". Metodologia hori, bere esanetan, "udal honetan ematen ez bada ere, beste erakunde batzuetan eman da". 

Horrela, jakinarazi duenez, 24 proposameneko sorta bat aurkeztu dute bost ardatz estrategikoetan oinarrituta, "adostasun handiak dituzten proposamenak, alegia". Horien artean aipatu ditu, "bizitegi-larrialdiari erantzutea, etxebizitza hutsak mobilizatzea, jolastokiak eta eskola-inguruneak birnaturalizatzea eta hobetzea, haurreskolak handitzea edo udal-merkatuak biziberritzeko plan bat, bai eta Hurtado Amezagan, Ibeniko kaian edo Nerbioi ibaiaren ertzetan esku hartzea ere".

"Gobernuak ez du akordiorik lortzeko eta negoziatzen jarraitzeko ez borondaterik ez gaitasunik izan", nabarmendu du. Beraz, jakinarazi duenez, "gaur bertan, osoko zuzenketa aurkeztu dugu".

"Zuzenketaren helburua da gobernuak gogoeta egitea, denbora hartzea, eta elkarrizketan, negoziazioan eta akordioetan inbertitzea.  Hiri gisa gauzak hobeto egitea merezi dugulako", azpimarratu du.