AKTUALITATEA


| 2025-11-17 11:36:00

Maria del Rio EH Bilduko bozeramaileak eskua luzatu dio gaur udal gobernuari 2026rako aurrekontua negoziatzeko, "bilbotarren bizitza hobetzeko, alegia". Horrela, EAJri eta PSEri negoziatzea eta akordioak lortzen saiatzea proposatu die, EH Bilduren iritziz, "hirirako estrategikoak" diren hainbat arlotan oinarrituta, hala nola "etxebizitza, trantsizio ekologikoa, zaintzak, auzoak eta hiri-kohesioa, euskara eta kultura, eta merkataritza". 

Bilbon gaur eskainitako prentsaurrekoan, Del Riok datorren urteko aurrekontuen inguruan EH Bilduk eman nahi dituen hurrengo urratsak azaldu ditu. EH Bilduko bozeramaileak adierazi du Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuak "hiri bezala ditugun hainbat erronkei ez dietela erantzunik ematen". Horregatik, negoziatzeko borondatea agertu du. Ildo horretan, adierazi du badakitela "hiri eredu desberdinetatik abiatzen direla, hala ere, akordioak lortzeko tartea dagoela" nabarmendu du. 

Horretarako, EH Bilduk proiektu "zehatzak, zorrotzak eta herritarrentzat eragin positibo handia izango luketenak" helarazi dizkio udal gobernuari, "aipatutako ardatzetan oinarrituta". Del Rioren ustez, "merezi du negoziatzeko ahalegina egiteak, ahalegin horrek fruituak ematekotan, aurrekontuak aberastuko lituzkeelako eta hiribildu osoarentzat onuragarriak diren politika publiko batzuetan islatuko litzatekeelako". 

EAJk eta PSEk aurkeztutako aurrekontu proiektuaren analisia egin ondoren, EH Bilduko bozeramaileak  "nabarmen hobetu" daitekeela adierazi du, "hiri gisa ditugun erronka estrategiko batzuei erantzuten ez dietelako". Horien artean, etxebizitza aipatu du, izan ere, "iragarpen handiak egin arren, berriro ere udal gobernuarentzat ez dela lehentasuna ikusten dugu, aurrekontu proiektuko zenbakiek hala erakusten baitute". 

Zaintzak ere ez direla lehentasuna aipatu du Del Riok; izan ere, pobreziaren aurka borrokatzeko funtsezkoa den Etxegabeko Pertsonei harrera emateko Planak "ia ez du finantzaziorik". "Mugikortasunari dagokionez ere,  Bilbobusen lineak berrantolatzeko ekarpenak ez direla martxan jarriko ikusten dugu, aurrekonturik ez dagoelako", gaineratu du. 

Bere ustez, "Udal hau osatzen dugun pertsona guztiok aurrekontu hau hobetzeko erantzukizuna dugu", oposiziotik, "proposamen serioak eginez", eta gobernutik, "negoziatzeko eta akordioak lortzeko prestutasuna agertuz". 

Bere esanetan, EH Bilduk "ardura hori bere gain hartzen du eta udal gobernuari eskua luzatzen dio aurrekontu hobe bat negoziatu ahal izateko, bilbotarren bizitza hobetuko duen aurrekontu bat, alegia". "Hala helarazi diogu udal gobernuari hainbat alditan, baita foro guztietan ere", azaldu du.

"Emaitza desberdina nahi badugu, gauzak modu desberdinean egin behar dira. Gobernantza kooperatiboko ereduak, pixkanaka-pixkanaka, bidea egiten ari dira Euskal Herrian. Bilbok ezin dio bizkarra ematen jarraitu demokrazia sakontzen lagunduko duten gobernatzeko modu irekiagoei", nabarmendu du.