AKTUALITATEA


| 2023-03-27 11:15:00

EH Bilduren udal taldeak mozio bat erregistratu du gobernu taldeari eskatzeko Bilbon antolatzen diren kale-salmentako azoka ibiltariak hobetzeko plan bat egin dezala, saltzaileekin lankidetzan, merkatu horien eta bertako langileen beharrei erantzuteko.

Horrela, hobekuntza-plan honen bidez, besteak beste, merkatuen inguruneak berritzeko lanak egitea eskatzen da (asfaltatzea eta estolderia hobetzea, komun publikoak, egoteko eremuak hobetu…); azokak promozionatzeko lanak, zerga-neurriak eta joan-etorri handieneko egoeretan prebentziozko osasun-estaldura hobetzea anbulantziaren presentziaren bidez, beharrezkoa izanez gero.

Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak, José Jonatan Giménez Gabarri, Revolución Gitana Elkarteko presidentea eta Boluetako azokako merkatariarekin batera, gogorarazi du Bilbon, astero, kaleko hiru azoka ibiltari antolatzen direla: asteazkenetan, Otxarkoagan eta Zorrotzan, eta igandeetan, Boluetan, tradizio handiko eta errotutako azoka ibiltariak, hain zuzen ere.

Azaldu dutenez, ia % 100ean langile autonomoez osatutako sektorea da, enplegu zuzenak eta zeharkakoak sortzen dituena, tokiko ekonomia auzoetatik dinamizatzen duena, baina zailtasunak izaten dituena, globalizazioaren eta digitalizazioaren ondorioak ere pairatzen baititu. “Gutxieneko irabaziak izan arren, ahalegin handia eginez aurrera ateratzen diren langileak dira”, gaineratu du.

Adierazi duenez, azoka ibilitarien merkataritza-jarduera espazio publikoetan garatzen da, saltoki iraunkorrik gabe, instalazio desmuntagarriak erabiliz eta nabarmen hobetu daitezkeen inguruneetan. Adibide gisa, Boluetako azoka txikia aipatu du, non, EH Bildu udal-taldeak antzeman duen bezala, “instituzioen aldetik utzikeria sentsazioa gero eta handiagoa den” saltzaileen artean.

“Sektorea babesteko modurik onena da egiten duten jarduerari balioa ematea; azoka ibiltari horiek kokatzen diren inguruneak duintzea; edo Europako beste hiri batzuetan egiten den bezala, merkatu horiek sustatzea, azoka ibiltariak erakargarriak izan daitezen bilbotar guztientzat eta gure hiria bisitatzen duten gainerako pertsonentzat. Hori guztia, saltzaileekin elkarlanean”, adierazi du Fatuartek.