Karlos Renedok EH Bilduko zinegotziak gaur ohartarazi duenez, ostatu turistikoei buruz Udal Gobernuak planteatutako HAPOren aldaketak, "ez ditu turismoak Bilbon eragindako egungo arazoak konponduko". "Etxebizitza turistikoei dagokienez, araudi zaharkitua proposatzen dute, izan ere, jada 2025eko abenduan Eusko Jaurlaritzak etxebizitza turistikoak debekatu zituen. Gainera, turismoak gainezka egiten duen lekuetan, ateak irekita uzten die, hotelei eta apartamentu turistikoei, bizilagunen eskaerei bizkarra emanez", azaldu du.
Renedok gogorarazi du araudiaren aldaketa 2024ko iraileko Osoko Bilkuran EH Bilduren proposamen baten ondorioz lortutako akordio batetik abiatzen dela. Bertan, hiriko ostatu guztiak arautzea eskatzen zen, baina, bere esanetan, “ia bi urteko prozesuaren ondoren, proposamen zaharkitu bat aurkeztu dute”.
Etxebizitza eta logela turistikoei dagokienez, udal-gobernuak hainbat murrizketa proposatzen ditu eremu saturatuetarako. Hala ere, EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, 2025eko abendutik Eusko Jaurlaritzak ez du lizentzia berririk onartzen hirian, etxebizitzaren egoera larriaren ondorioz. Horregatik, "inkoherentea izateaz gain, arduragabea ere bada, dugun etxebizitza-arazoa kontuan hartuta". "Udal Gobernuak proposatutako aldaketa Eusko Jaurlaritzaren akordioa baino askoz eskasagoa da, bai denborari, bai edukiari dagokionez", nabarmendu du.
Gainerako ostatu-tipologiei dagokienez, hiri osoan hotelak eta apartamentu turistikoak irekitzen jarraitzeko aukera ematen du, ofizialki saturatuta dauden eremuetan baita. Ildo horretan, zehaztu duenez, "2025ean soilik 6 hotel eta 9 apartamentu-establezimendu gehiago ireki ziren, 1060 plaza berrirekin, 2024an baino % 12,2 gehiago. Apartamentu turistikoei dagokienez, % 29,3 hazi dira". "Jakina, araudi honek ez du geldiaraziko eskalada hori. Dagoeneko 4 hotel berri eta apartamentu turistikoen bloke berriak eraikitzen ari dira hainbat auzotan ", ohartarazi du.
Renedok Mina del Morro inguruan egin ditu adierazpen horiek. Zonalde horretan metro gutxitan honakoak daude: "Gran Bilbao hotela, 204 plazarekin; Spirit taldeko 51 apartamentu, 222 plazarekin, Miraflores kalean; eta horiez gain, José María Lidón kaleko babes ofizialeko eraikin baten etxabean kokatutako pentsio bat eta 14 apartamentu". "Guztira, ia 500 plaza ia zerbitzurik gabeko eremu txiki batean", adierazi du.
Bizilagunen ezinegona
Azaldu duenez, "bizilagunek euren ezinegona adierazi digute, eta publikoki salatu dute etxebizitza publikoak izan zitezkeen lonjak turismorako erabiltzen ari direla”. “HAPOren aldaketa horretan itxaropena zuten, baina egia esan, ez du inolako onurarik suposatuko, ez baitu eragozten libre geratzen diren lonjetan apartamentu gehiago irekitzen jarraitzea, besteak beste", zehaztu du.
Renedok azpimarratu duenez, "turismoa gobernatu behar da, baina turismo guztia, ez alde bat bakarrik". Hori dela eta, EH Bilduk aldaketa “argi” bat proposatu du, “berme juridikoekin eta jarduera bere osotasunean antolatuko duena", besteak beste, “100 biztanleko 10 plazako muga ezartzea, ostatu-modalitatea edozein dela ere, eta turismo-eskaintza murriztea bizitegi-eraikinetan”. "Bizikidetza arazoak eta etxebizitzaren garestitzea saihestu behar dira", adierazi du.
Argitasun falta
Era berean, Renedok adierazi du gobernu-taldearen egungo proposamenak ere ez duela argitzen zein den Bilboren muga; izan ere, Turismo Ostatuen Kontzentrazio Handiko Eremuak ezartzen dira, baina ez dira jasotzen zeintzuk diren izendapena egiteko irizpide zehatzak, ez eta auzo bakoitzaren egoera. "Argitasun falta horrek segurtasun falta handia sortzen du herritarrengan", gaineratu du.
Bestalde, azaldu duenez, auzo-elkarteek eta EH Bilduk eskatu duten bezala, HAPOren aldaketa honekin bai debekatuko da ikasleen egoitzak hotel gisa aritzea udako hilabeteetan. Berri ona bada ere, aldaketa hau Ostatu Turistikoen Kontzentrazio Handiko Zonetara (ZACAT) mugatzen dela argitu du.
Horrela, esan duenez, "Solokoetxen egingo den egoitzak edo egungo Blas de Oterok ezingo dute udako hilabeteetan hotel gisa lan egin, bizilagunen aldarrikapenei erantzuna emanez”. "Hala ere, horietatik hurbil egingo den Miribillako egoitzak, 200 plazarekin, aukera izango du horretarako", zehaztu du.
Azaldutako guztiaren ondoren, Renedok azpimarratu duenez, "argi dago ez gaudela ados planteatu den aldaketarekin, gobernuak ia 2 urte galdu ditu, eta dagoeneko zaharkituta dagoen proposamen bat aurkeztu digu, hiriko zenbait lekutan ostatu turistikoekin lotutako arazoak konpontzeko herritarren eskaerari erantzuten ez diona. Beste behin ere, bizilagunak izango dira ondorioak jasango dituztenak", esan du.