Maria del Rio EH Bilduren udal taldeko bozeramaileak adierazi duenez, azken bi urteetan genero indarkeriaren biktimei arreta emateko zerbitzua "degradatu" egin da Berdintasun eta Jai Saileko zuzendariaren, Jone Larrazabalen, “utzikeriaren eta kudeaketa eskasaren ondorioz”.
Del Rioren ustez, egoera “larria” da, izan ere, "emakume askoren bizitzen babesa zerbitzu honen esku dago". Hori dela eta, kalitatezko zerbitzua eskaintzeko "beharrezko neurriak berehala" hartzeko eskatu du.
Itziar Urtasun Berdintasun eta Jaietako zinegotziaren agerraldian egin ditu adierazpen horiek Del Riok, EH Bilduk eskatuta. Era berean, Jone Larrazabal Berdintasun eta Jai Saileko zuzendariaren agerraldia ere eskatu zuen, Genero Indarkerian Esku Hartzeko Negoziatuaren kudeaketa txarraren inguruan azalpenak emateko.
Maria Del Riok bi bloke handitan identifikatu ditu zerbitzuan dauden “akatsak”. Lehenengoa, esan duenez, "egiturazko gaiak dira", "funtsezkoak" biktimei kalitatezko zerbitzua eta arreta emateko; eta bigarrenari dagokionez, "baliabideen kudeaketan ematen ari diren hutsegiteak".
Ildo horretan, azaldu duenez, genero-indarkeriaren biktima batek zerbitzu honetara deitzen duenean, lehen arreta administrariak ematen dio, eta administraria da, “asmo onenarekin, baina protokolorik gabe eta prestakuntza zehatzik gabe, kasua premiazkoa den ala ez erabakitzen duena".
Gizarte-langilearekin lehen bilera egiteko epeei dagokienez, dekretuak 7 egun baino gutxiago izan beharko liratekeela adierazten badu ere, arlotik jasotako erantzunen arabera 20 egunera iristen direla azaldu du. "Baina jakin badakigu hilabetea pasatzen dela lehen hitzordua lortzeko", adierazi du.
360 kasu gizarte-langile bakoitzeko
EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, zerbitzu horretan lau gizarte-langile daude, eta horietako bakoitzak, 2025. urtearen amaieran, "batez beste 360 kasu gehiago zituen esleituta”. “360 kasu gizarte-langile bakoitzeko, eta, batez beste, egunean kasu bat gehiago jasotzen dute zerbitzuan; zerbitzu hori dimentsionatuta dagoela esan daiteke?” azpimarratu du.
Esan duenez, "laguntza eskatzea erabakitzen duten emakumeei berehala, modu profesionalizatuan eta prestakuntza berezia duten pertsonek arreta ematearen garrantzia ezin du inork zalantzan jarri gaur egun".
Nabarmendu duenez, "lehen urrats hori funtsezkoa da eta ezin zaie hutsik egin". "Jasotzen duten erantzuna zerbitzu batetik bestera bideratzea bada, indarkeria matxistan formaziorik ez duten pertsonek lehen arreta ematea, edo hogei egun baino gehiagoko itxaron-zerrenda bat, emakume horietako askok atzera egin dezakete, laguntza eskatzeko lehen saiakera hori bertan behera utz dezakete eta indarkeriaren aurrean bakarrik gera daitezke berriro", azaldu du.
Del Rioren ustez, Bilboko Udalak "ezin du onartu hori gertatzea", indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa "ez baita adierazpen, kanpaina edo egun zehatzetan frogatzen: baliabideekin, berehalako arretarekin eta arreta hori ematen dutenentzat baldintza duinekin frogatzen baita". "Genero Indarkerian Esku Hartzeko Negoziatuan ez da hori gertatzen", nabarmendu du.
Maria del Riok adierazi duenez, "oso egoera delikatuez ari gara, eta, gainera, eskuduntzak gehiago diren heinean, zerbitzuak kasu gehiago hartu beharko du".
Horren aurrean, EH Bilduko bozeramaileak erantzukizunak eskatu dizkio alorreko zuzendaritzari, baita langileak zaintzeko neurri zein baliabideak ere, eta kalitatezko zerbitzu duina eskaintzea behar duten emakumeei”. "Kudeaketa desastre bat izaten ari da eta zerbait egin behar da", gaineratu du.